Hemen dira Arabako herri xarmagarriak

Araba ezagutzen duzu? Euskal Herria Liburuak bildumako ale berriak, “Puebos de Araba con encanto”k alegia, herrialdeko hogeita bost herri aukeratu aurkezten ditu, gure ustez, Arabako ederrenetakoak. Jakin nahi duzu zeintzuk diren? Liburuko azaleko herria ezagutu duzu? Eta post honetako argazkietan ageri direnak?

Segurutik, nork bere zerrenda egingo luke, Araban asko direlako xarma darien herriak. Eta, zalantzarik gabe, mota askotako herriak agertuko lirateke. Aukeraketa guztietan, esate baterako, herri harresidunak izango lirateke, baserri auzoak, mendiaren gerizan bildutako ergoienak, muino gainean altxatutako herrixkak…

Gesaltza-Añana.

Liburu honek, batez ere, gonbidapena dakar aldean, Arabako geografia oparo eta ederra ezagutzera eta gozatzera irtetzeko gonbidapena alegia. Egileak, Javi Pascual Otalorak, herriak banan-bana deskribatu ditu, haien xarmaren nondik norakoak jaso ditu eta, gainera, inguruetan txangoa egiteko proposamena erantsi du. Plan ederra.

Lerro hauen azpian liburuko hogeita bost herrien zerrenda utzi dizuegu, baita mapan kokatu ere. Ezagutu nahi?

“Pueblos de Araba con encanto”, Arabako ederrak

Dagoeneko Araba ez da zazpigarren alaba hura, baina oraindik ez da merezi duen bezain ezaguna. “Pueblos de Araba con encanto” liburuak lau haizetara zabaldu nahi du zein ederra den Araba. Eskualde guztietan hara eta hona ibili eta gero, 25 herri hautatu aurkeztu dizkigu. Horietako batzuk zelai berdeetan zipriztinduriko baserri auzoak dira, edo Errioxako muino gotortuak, mendialdeko herrixka urrunak, gatzaga zaharrak eta, hara, baita kostaldeko herriren bat ere, liburuaren azal zoragarrian ikusten den bezala. Handiagoak eta ospetsuagoak batzuk, txiki-txikiak eta gutxi entzundakoak besteak. Araba, bere ederrean.

Egileak, Javi Pascual Otalorak alegia, herri hauetan barrena eramango gaitu, gora eta behera, ezker-eskuin, haien izatearen berri emateko eta lekuan lekuko harribitxiak ezagutzera emateko. Gainera, bisita bakoitzarekin inguruetan egiteko moduko ibilbide eder bana proposatzen digu, Arabako herri polit hauetarako txangoa ahaztezina izan dadin.

Esaten dugunaren erakusgarri, lerroon azpiko estekan herri hauetako bat aurkituko duzue. Labraza da, Arabar Errioxako altxor gotortua. Gustatuko zaizuelakoan, ondo ibili Arabatik!

“Guía de los montes de Navarra”, Nafarroako mendi guztiak liburu batean

Nafarroako mendien biblia esaten diote, eta badute horretarako arrazoi sendorik. “Guía de los montes de Navarra” (Sua Edizioak, 2019) liburu mamitsuaren laugarren edizioak 231 igoera eta 522 gailur bildu ditu bere orrialdeetan. Kopuru ikaragarria, egileak, Juan Mari Feliu mendizale adituak alegia, bere gain hartu duen lanaren neurria ematen diguna. Aurreko edizioa ikuskatu, zuzendu eta handitu zuen eta horretarako liburuan ageri diren tontor guztietara igo zen.

Nafarroak, bere zabalean, mota guztietako mendiak eskaintzen ditu, hasi Hiru Erregeen Mahai sabai subalpetarretik eta buka Bardeetako muino bakartietan, Higa edo Beriain gisako mendi lerdenak, Orhi bezalako mitoak eta isurialde atlantikoa zimurtzen duten mendilerro apalak ahantzi gabe. Igoera batzuk goizpasa atseginean geldituko dira; beste batzuk, berriz, egun osoa eta ahalegin handia eskatuko digute.

Guzti-guztiak, tartean direla Euskal Herriko Mendien Katalogoko Nafarroako 215 gailurrak, liburu honetan ageri dira, nola igo egoki azalduta. Aldean mapa txiki bat eta, sarritan, argazkia edukiko dute. Lerroon azpiko estekan mendi guztien zerrenda eta Baztan aldeko igoera sorta bat utzi dizuegu. Ondo ibili!