“Rutas para fotografiar la naturaleza”, natura eta argazkiak batzen dituen liburua

Euskal Herria bildumako liburu berria begietatik sartuko zaigu, dudarik gabe, baina azala ez ezik, mamia ere badu, eta ez nolanahikoa. Xabier Sukunza mendizale argazkilariak egin digun gonbita guztioi balio zaigu, baita argazkiak segapotoz ere egiten ez dutenei ere. Rutas para fotografiar la naturaleza liburuan 22 ibilbide proposatu ditu mendiaz eta naturaz gozatzeko eta argazkigintzan trebatzeko.

Liburuak bost atal nagusi ditu: mendiko ibilbideak (Ioar, Udalatx, Lokiz…), itsasaldekoak (Gipuzkoako flyscha, Gaztelugatxe, Mundaka…), oihan eta ur-jauzietakoak (Iruerreka, Belaustegi, Urbasa, Oieleku…) ordoki eta mortuak (Baigorri, Bardea…) eta gau bibakak (Zemeto eta Auñamendi). Ibilbideak deskribatzeaz gain, argazkiak non, noiz eta zelan egin proposatu du egileak. Beste atal batean, gainera, argazkigintaren oinarrizko jakingarriak azaldu ditu.

Jakina, liburuan ageri dira Sukunzak irakurleei proposatzen dizkien argazkietako batzuk. Oro har, liburuko orrialdeak pasa ahala gozatu ederra hartuko dugu, pasaia argazki sorta zoragarriekin.

Xabier Sukunza (Lizarra, 1995) mendizalea eta argazkilaria da. El Mundo de los Pirineoseko 2022ko egutegiko argazkien egilea da. Aurten ere Rutas para vivaquear y fotografiar estrellas. Pirineo Occidental y Central liburua plazaratu du.

“Rutas circulares por espacios protegidos”, gure natura eremuetako ibilbiderik onenak

Euskal Herriko naturaren zokondorik ederrenak lege-babesaz hornitutako barrutietan txertatuta daude. Horrela izaten da gehienetan, behinik behin. Horregatik, Begoña Fernandez eta Paulo Etxeberriaren Rutas circulares por espacios protegidos liburuak gure herriko bazterrik zoragarrienetan barrena egiteko ibilbide ezin kitzikagarriagoak dakartza.

Liburuko orrialdeetan euskal mendigune nagusiak agertuko zaizkigu, tontor harroenak gure zain dituztela. Oihan trinkoek eta basorik zabalenek ere zirikatuko gaituzte, haien itzalpean gozo-gozo ibiltzera joango ote garen. Eta han dira ibaiak, padurak, ur-jauziak, meatze zaharrak… Euskal Herri osoko altxorrak ezagutzeko gonbit tentagarria egin digu liburuak.

Jakin nahi izanez gero liburuaren edukia zertan den, lerroon azpiko loturan pdfa eskuragarri dago. Hor azaltzen da aurkibidea, liburuko sarrera eta Gorobel mendietako ibilbidea, esaten dugunaren erakusgarri. Ondo ibili!

“Ama Lur miresgarria”, euskal naturaren edertasun harrigarria

Segurtasun osoz esango dugu: Euskal Herria Liburuak bildumako ale berriak aho bete hortz utziko gaitu. Ama Lur miresgarria. Landare eta animalia harrigarriak liburua begietatik sartuko zaigu eta hitzekin sorginduko gaitu. Bere txikian, euskal naturak zazpi animalia, landare, onddo eta fenomeno sinesgaitz gorde ditu. Liburu honetan azalduko zaizkigu, Joseba del Villarren argazki zoragarrien eta Amador Prietoren testu bikainen bidez.

Landareak, oihanak, txoriak, ugaztunak, loreak, migrazioak, bizkarroiak, basamortuko biztanleak, zirina behar duten malbak, zohikaztegiak… Berrehun orrialdeko bidaia kitzikagarri honek lehenengo orrialdetik bertatik liluratuko gaitu. Eta, gainera, Euskal Herriko naturaren nondik norakoak ulertzeko gakoak jasoko ditugu. Gure begiak argazkietara iltzatuta geratuko dira, hain dira ederrak eta adierazgarriak. Eta argazkietatik testuetara igarotzean, berdin jarraituko dugu, azalpen argiak, erakargarriak eta txundigarriak tartekatu dituelako.

Euskal naturaren alderdi ezezagunak argitara ekarri dituztenak formazioz biologoak dira. Joseba del Villar natura-argazkilaria da, hamaika liburu eta dibulgazio-lanetan parte hartutakoa. Amador Prieto botanikan espezialitatuta dago eta testuen ardura hartu du. Biek egiten dute lan euskal naturaren kontserbazioaren alde.

Liburu hau Euskal Herria Liburuak bilduman euskaraz argitaratu den bigarrena da. Iaz ireki genuen bidea, Mikel Arrizabalagaren Aiako Harria parke naturala eta Jaizkibel liburuarekin.