Aiako Harria eta Jaizkibel mapa batean bildu ditu Suak

MP_AiakoHarria_Jaizkibel

Egunotan kaleratu du Sua argitaletxeak Aiako Harria eta Jaizkibel aldeei dagokien mapa berria. Mapas Pirenaicos bildumaren barruan agertu da. Aiako Harria natura-parkea 6.000 hektareako eremu babestua da, granitozko hiru gailur lerdenen inguruan eratua. Jaizkibel, ordea, itsaslabar eremu luze eta bakartia da, bere horretan iraun duena gaur arte. Horrelako gutxi daude euskal kostaldean.

Kartografia 1:25.000 eskalan atera du Suak eta Miguel Angulo adituari zor zaio. Maparekin batera liburuxka dakar, inguru horietako ibilbide markadun guztien berri emateaz gain hamabost bat igoera eta txango proposatzen duena.

Mapa honen barruan Aiako Harria natura-parkea ageri da, baita hegoalderago dagoen alderdia ere (Artikutzako urtegia, Kopako Harria, Izu mendia…). Eta iparreko alderdian Txingudiko badia bere osoan dakar eta, mendebalderago, Jaizkibelgo eremua, Hondarribitik Pasai Donibaneraino. Leiho txiki batean Pasai San Pedro eta Donostia arteko itsasertza ere ageri da, Ulia mendiaren inguruak alegia.

Mapa dakarren liburuxkan mapan marraztutako ibilbide markadun guztien deskribapen zehatza aurkituko dugu. Mikel Arrizabalaga mendizale adituak jaso ditu eta, gainera, Jaizkibel eta Aiako Harriko lekurik ezaugarrienetan barrena ibiltzeko 15 txango eta igoera proposatu dizkigu. Aukera bikaina, beraz, Euskal Herriko leku zoragarrienetako batzuetan barrena ibiltzeko eta gozatzeko.