“Montes de Gipuzkoa”, mendizaleen ezinbesteko bidelaguna

Oso harrera beroa eman diote mendizaleek “Guía de montes de Gipuzkoa” liburuaren seigarren edizioari (Sua Edizioak, 2020ko maiatza). Arrakastaren gakoa, duda barik, egileek egindako lanean dago. Txusma Perez Azacetak eta Iñaki Alcaldek Gipuzkoako 155 menditara igotzen diren 95 ibilbide bildu dituzte.

Gauza jakina da gida honek Euskal Herriko mendi katalogoko tontor guztiak jaso dituela. Ibilbide bakoitzak mendibidearen nondik norako guztiak eskaintzen ditu, argazki, mapa eta jakingarriekin lagunduta.

Lerroon azpiko estekan pdfa utzi dugu. Bertan aurkituko dituzue liburuko aurkibidea, non igoera guztiak banan-bana ageri diren, eta, opari, Aralar aldeko hiru igoera. Ondo ibili!

“Cumbres anejas”, hurrengo urratsa non eman

Euskal Herria bildumako “Cumbres anejas” liburuak aukera sorta zabaltzea du helburu. Euskal Herritik hurrean dauden mendi ederrak aukeratu eta jorratu dituzte Javi Urrutia eta Rafa Bartolomé mendizale adituek. Gailur harro, bitxi eta erakargarriak dira, Kantabria, Burgos, Errioxa, Soria, Huesca eta Bearno eskualdeetako mugazain prestuak. Han daude, guk harainoko urratsa noiz emango.

Tentagarria da liburu hau mendizalearentzat. Bertan aurkituko ditu Castro Valnera bezalako klasikoak, Kantabria eta Burgos arteko mugan, Zalama zelatatzen; edo Burgosko Tobalina ibarraren buru dagoen Umión lerdena, eta Ebro gainean erraldoi ageri den Moncayo harroa, euskalduntzat jo ohi dugun Auñamendi mitikoa… Orotara 57 mendi igoera proposatu dituzte eta lerroon azpian utzi dugun estekan sakatuta gailur horien zerrenda osoa deskarga daiteke. Aurkibidearekin batera, ibilbide bi paratu ditugu, tentazioan sartu nahi duzuenentzat. Ondo ibili!

“Montes de Gipuzkoa”, herrialdeko 155 gailur liburu batean

00-GM GIPUZKOA

Urteko gertakizun nabarmenetakoa izan da, duda barik, mendi liburuen atalean: “Montes de Gipuzkoa” gidaliburua berriro kaleratu du Sua Edizioak-ek, gaur egunean jarrita eta goitik behera errebisatuta. Seigarren edizioa da eta merezi zuen merezi liburu honek biziberritzea, hamarkada bitan Gipuzkoako mendizaleentzat ezinbesteko iparrorratza izan baita. Gainera, dozena bat urte igaro da aurreko edizioa kaleratu zenetik.

Jatorrizko liburua Iñaki Alcalde Olivaresi eta Txusma Perez Azacetari zor zaie. Oraingoan, azken hori mendi guztietara igo da berriro, ibilbideak gaur egun zertan diren bertatik bertara jakiteko eta igoera bide berri gutxi batzuk eransteko. Edizio berriak 95 igoera eta 155 gailur bildu ditu. Tartean dira Euskal Herriko Mendi Katalogoko Gipuzkoako tontor guztiak.

Lerroon azpiko estekan pdfa utzi dugu. Bertan aurkituko dituzue liburuko aurkibidea, non igoera guztiak banan-bana ageri diren, eta, opari, Leitzaran aldeko hiru igoera. Ondo ibili!

GM_GIPUZKOA_sareak2