“Rutas circulares por espacios protegidos”, gure natura eremuetako ibilbiderik onenak

Euskal Herriko naturaren zokondorik ederrenak lege-babesaz hornitutako barrutietan txertatuta daude. Horrela izaten da gehienetan, behinik behin. Horregatik, Begoña Fernandez eta Paulo Etxeberriaren Rutas circulares por espacios protegidos liburuak gure herriko bazterrik zoragarrienetan barrena egiteko ibilbide ezin kitzikagarriagoak dakartza.

Liburuko orrialdeetan euskal mendigune nagusiak agertuko zaizkigu, tontor harroenak gure zain dituztela. Oihan trinkoek eta basorik zabalenek ere zirikatuko gaituzte, haien itzalpean gozo-gozo ibiltzera joango ote garen. Eta han dira ibaiak, padurak, ur-jauziak, meatze zaharrak… Euskal Herri osoko altxorrak ezagutzeko gonbit tentagarria egin digu liburuak.

Jakin nahi izanez gero liburuaren edukia zertan den, lerroon azpiko loturan pdfa eskuragarri dago. Hor azaltzen da aurkibidea, liburuko sarrera eta Gorobel mendietako ibilbidea, esaten dugunaren erakusgarri. Ondo ibili!

Reinhold Messnerrek mezu bat dakarkigu: zain dezagun mendia

Reinhold Messner mendizale ospetsuak lau haizetara zabaldu nahi du bere deia: zain dezagun mendia. Zaindu behar dugu ez badugu nahi masa-turismoak hondora eraman dezan. Europako goi-mendia bere ezaugarriz hustu eta arriskurik gabeko eremu atsegin, abegikor eta seguru bilakatzen ari gara, kirolak praktikatzeko parke tematiko hutsa. Kaletarrok mendira joan beharrean, hirigunera jaitsi dugu mendia.

Reinhold Messnerren deia: Zain dezagun mendia liburuan jaso ditu bere kezka, hausnarketa eta proposamenak. Izan ere, urteetako eskarmentu, bizipen eta jakintzatik abiatuta, Messnerrek gogoeta partekatu du mendia eta natura maite duten guztiekin. Arazoaren larriaz jabetzea da lehenengo urratsa. Irtenbideak proposatzea, bigarrena. Eta horretara dator liburu hau.

Liburu honek euskal mendizaleari ere emango dio zer pentsatua. Izenburutik bertatik, Zain Dezagun Mendiak azken hamarkadetako hamaika borrokaren oihartzunak ekartzen baitizkigu euskaldunoi: Zain Dezagun Busturialdea edo Zain Dezagun Belagua historikoetatik gaur egun arte, zenbat halako gure bazterretan? Zenbat Zain Dezagun gehiago beharko ditugu oraindik? Arlo horretan, bere txikian, ekarpen handia egiten du liburu honek, arazoa mahai gainean jartzeaz gain, irtenbideak bideratzen hasteko irizpideak ere proposatzen dituelako.

Eta gogoetaren mamiaz gain, liburuak Euskal Herriko begirada ere jaso du. Izan ere, Juanjo San Sebastian mendizaleak eta Ramon Olasagasti kazetariak idatzi dituzte, hurrenez hurren, sarrera-testua eta epilogoa.

“Xiberoako xendak”, Zuberoako mendi gida Robert Larrandabururen eskutik

Egunotan heldu da liburu-dendetara Xiberoako xendak. 59 ibilbide. 35 gailur mendi-gida berria. Euskal Herriko herrialderik ttipienak mendi ikusgarriak dauzka bere geografian zehar barreiaturik eta gida honek tontor horietara igotzeko ibilbiderik egokienak bildu ditu.

Pettarra, Arbaila eta Basabürüa aldeko igoerarik kitzikagarrienak aurkituko ditugu liburu honetako orrialdeetan: pagadi zabalez hornitutako Arbailako mendiak, Madalena mitologikoa inguratzen duen mendigunea, Baretouseko ibarretik banatzen duen mendilerroa eta, jakina, Nafarroarekin partekatzen dituen mendi ezaugarriak. Hor azalduko zaizkigu Lakhura, Orhi, Otsogorrigaña…

Egilea Robert Pipas Larrandaburu mendizale ezaguna da. Larraineko seme horrek ibilbiderik politenak aukeratu ditu eta, gainera, Zuberoako kulturako eta historiako hamaika konturen berri eman du, naturaz eta kulturaz batera goza dezagun.

Liburuaren edizio bi plazaratu ditu Sua Edizioak-ek: euskarazkoa, batetik, eta frantsesezkoa bestetik. Zuberoakoaz gain, azken urteotan Nafarroa, Araba eta Gipuzkoako mendi-gidak berritu eta handitu ditu argitaletxeak. Udazkenean Bizkaiko gida kaleratuko du, hori ere goitik behera berritua eta zabaldua. Zuberoakoa da euskaraz agertu den lehenengoa.