
Segurtasun osoz esango dugu: Euskal Herria Liburuak bildumako ale berriak aho bete hortz utziko gaitu. Ama Lur miresgarria. Landare eta animalia harrigarriak liburua begietatik sartuko zaigu eta hitzekin sorginduko gaitu. Bere txikian, euskal naturak zazpi animalia, landare, onddo eta fenomeno sinesgaitz gorde ditu. Liburu honetan azalduko zaizkigu, Joseba del Villarren argazki zoragarrien eta Amador Prietoren testu bikainen bidez.
Landareak, oihanak, txoriak, ugaztunak, loreak, migrazioak, bizkarroiak, basamortuko biztanleak, zirina behar duten malbak, zohikaztegiak… Berrehun orrialdeko bidaia kitzikagarri honek lehenengo orrialdetik bertatik liluratuko gaitu. Eta, gainera, Euskal Herriko naturaren nondik norakoak ulertzeko gakoak jasoko ditugu. Gure begiak argazkietara iltzatuta geratuko dira, hain dira ederrak eta adierazgarriak. Eta argazkietatik testuetara igarotzean, berdin jarraituko dugu, azalpen argiak, erakargarriak eta txundigarriak tartekatu dituelako.
Euskal naturaren alderdi ezezagunak argitara ekarri dituztenak formazioz biologoak dira. Joseba del Villar natura-argazkilaria da, hamaika liburu eta dibulgazio-lanetan parte hartutakoa. Amador Prieto botanikan espezialitatuta dago eta testuen ardura hartu du. Biek egiten dute lan euskal naturaren kontserbazioaren alde.
Liburu hau Euskal Herria Liburuak bilduman euskaraz argitaratu den bigarrena da. Iaz ireki genuen bidea, Mikel Arrizabalagaren Aiako Harria parke naturala eta Jaizkibel liburuarekin.