“País del Bidasoa”, mendi ibilbide ederrak pasadisu txiki batean

Parke natural bi, zenbait erreserba natural hala mendialdean nola itsasondoan, gailur panoramikoak mitikoak edo ia ezezagunak, oihan amaigabeak, ibaiak, ur-jauziak eta herri xarmagarriak. Horixe dena aurkituko dugu Pais de Bidasoan, Euskal Herria bildumako liburu berrian. Gorka López mendizale adituak osatu du.

Pirinioetako erreka txiki gisa lehenengoz isurtzen denetik, agian Xorroxin aldean, Txingudiko bokalean itsasoratzen den arte, Bidasoa ibaiak nortasun handiko baina aldakorreko eskualdea osatzen du. Ez dira berdinak Hendaiako Hondarraitzeko hondar meheak eta Baztango larre beti berdeak. Liburu honek Bidasoako bazterretan egiteko hogeita hamar mendi ibilbide bildu ditu, eskualdeko natura bere gorenean eta bertatik bertara ezagutzeko.

Zain ditugu Malerrekako ibarra hesitzen duten tontorrak, Baztan haraneko zeharkaldia, Bertizko Jaurerriko parke naturala, Bortzirietako baso zabalak (Etxalar, Arantza…), Aiako harria aldeko igoera kitzikagarriak, Bidasoako ertzetako herri ezin politagoak, muga artifizial bilakatu dituzten mendiak eta Jaizkibel zein Hendaiako itsasertz zoragarria. Hain leku txikia eta hainbeste leku ikusteko eta gozatzeko!

“Rutas montañeras a ermitas”, mendiz mendi leku sakratuetara

Mendi tontorretan, haitzulo eta harpeetan, oihan trinkoetan edo itsasoaren gainean, hamaikatxo ermita eder dago Euskal Herrian barrena. Rutas montañeras a ermitas liburuan Alberto Bargos Cucók hogeita sei aukeratu ditu naturan barrena igoera edo txango ederrak proposatzeko. Emaitza zoragarria da, mendirik mendi leku sakratuen bila joateko gonbit tentagarria.

Milaka urte dira herritarrek leku horietako batzuk santutu zituztenetik. Itzal handiko mendien buru daude, esaterako, Urregarai, Kizkitza edo Mendaurko gailurretako baselizak. Beste batzuk, berriz, haitzuloetan babestuta eraiki zituzten, Urallaga, Sandaili edo Kuartangoko Trinitatea kasu. Baso zabalen abaroan aurkituko ditugu Burdindogi edo San Bitor Gaunako. Jainko zaharren oihartzunak bildu dituenik ere bada, Zuberoako Maidalenak gordetzen duen Herauskorritse adibidez. Itsasoari begira daude Atxarreko San Pedro eta Pobeñakoa. Eta gudu odoltsuetako lekuko izan dira ez gutxi (Montejurra, Hernaniko eta Sarako Santa Barbara ermitak…).

Haien sekretua zein den ere, denek eutsi diote euren lilurari. Alberto Bargosek proposatzen dizkigun ibilbideei segika, natura-eremu zoragarrietan barrena hara-hona ibiliko gara, gure belarrietan behialako legenda zaharren oihartzunak entzuten ditugun bitartean.

“Rutas circulares por espacios protegidos”, gure natura eremuetako ibilbiderik onenak

Euskal Herriko naturaren zokondorik ederrenak lege-babesaz hornitutako barrutietan txertatuta daude. Horrela izaten da gehienetan, behinik behin. Horregatik, Begoña Fernandez eta Paulo Etxeberriaren Rutas circulares por espacios protegidos liburuak gure herriko bazterrik zoragarrienetan barrena egiteko ibilbide ezin kitzikagarriagoak dakartza.

Liburuko orrialdeetan euskal mendigune nagusiak agertuko zaizkigu, tontor harroenak gure zain dituztela. Oihan trinkoek eta basorik zabalenek ere zirikatuko gaituzte, haien itzalpean gozo-gozo ibiltzera joango ote garen. Eta han dira ibaiak, padurak, ur-jauziak, meatze zaharrak… Euskal Herri osoko altxorrak ezagutzeko gonbit tentagarria egin digu liburuak.

Jakin nahi izanez gero liburuaren edukia zertan den, lerroon azpiko loturan pdfa eskuragarri dago. Hor azaltzen da aurkibidea, liburuko sarrera eta Gorobel mendietako ibilbidea, esaten dugunaren erakusgarri. Ondo ibili!