“Excursiones por riberas de ríos”, ibai ondoko bideen xarma

Batzuetan haserre eta oldarkor agertzen badira ere, ibaiak eta errekak edertasunen gordailu izaten dira. Haien ibarretan zuhaitz eta landare asko hazten dira. Animalia sorta luze bat babesten da haien abaroan. Lehengo bizimoduek ere lorratzez zipriztindu dituzte hango eta hemengo uhaldeak. Eta, jakina, ezin aipatu gabe utzi uraren jario etengabe eta liluragarria. Osagai horiekin paisaia gogoangarriak eratzen dituzte eta, gainera, bertatik ibiltzea gehienetan erraza eta atsegina izaten da. Zer gehiago eska genezake? Bada liburu eder batean ibilbide mordoa bilduta jasotzea. Eta horixe da Excursiones por riberas de ríos liburu berriak dakarkiguna.

Orotara 23 ibilbide dira, Euskal Herriko ibaiertzei estu lotuta, inguruan ditugula hala ibai handienak (Ebro, Aturri, Arga, Aragon…) nola ur xirripa apalak (Epele, Altxerri..). Guztietan aurkituko ditugu leku paregabeak eta guztiak izango dira desberdin. Iratiko Oihanetik Nerbioiraino eta Galdamestik Bidaxuneraino, ibaiak bidaide hartuta txango zoragarriak egitera eramango gaitu liburu honek.

Javi Pascual Otalorak idatzi du liburua. Hogeita bost urtez Sua Edizioak argitaletxeko zuzendaria izan eta gero, erretiroa hartu ostean Euskal Herria bilduman hasi da liburuak plazaratzen. Aurretik bi kaleratu ditu: Pueblos de Bizkaia con encanto (2019) eta Pueblos de Araba con encanto (2020).

Euskal Herria liburuak, 2021eko uzta

Euskal Herria Liburuak bildumak prest dauka 2021ean argitaratuko dituen liburuen zerrenda. Lehenengoa laster helduko da, “Las mejores rutas en BTT”. Eta jarraian, bost liburu eder etorriko dira, Euskal Herria hobeto ezagutzen eta bertatik bertara gozatzen lagunduko digutenak.

Esan bezala, otsailean “Las mejores rutas en BTT” liburu ederra agertuko da. Ivan Ruiz Rotaechek atondu du eta gure herria bizikletaz ezagutzeko aukera polita emango digu.

Martxoaren amaieran “Parque natural de Urbasa y Andia” liburuaren txanda izango da. Kike Zinkunegiren eskutik Euskal Herriko naturgune zabal eta ederrenetako baten barrena ibiliko gara.

Ondoren eta urtea amaitu bitartean, lau liburu gehiago argitaratuko ditu Euskal Herria bildumak: “Ascensiones a castillos”, Esther Merinorena, “Ascensiones desde refugios y albergues de montaña”, Txusma Perez Azacetarena, “Productos del país”, Alberto Murok ondutakoa, eta “Excursiones por riberas de ríos”, Javi Pascual Otaloraren eskutik. Ikusten denez, mendia, kultura, gastronomia eta natura egoki nahastuta aurkeztuko dizkigu liburu sorta berri honek.

Liburu guztiekin edo gehienekin interesatuta daudenentzat, harpidetza egiteko aukera dago. Horrela, liburuak nabarmen merkeago jasoko dituzte. Harpidetza egiteko, sakatu hemen.

“Los ríos más bellos” liburuko altxorra, agerian: 32 argazki panoramiko zabalgarriak

ibaiakCompleto2.inddLerro hauen gainean eta azpian “Los ríos más bellos” liburuko aurkibidea paratu dugu. Ibai bakoitzaren alboan, dagokion argazki panoramiko zabalgarria (hiru orrialdekoa) ageri da. Egin klik aurkibidearen gainean handiago ikusi nahi baduzu. Orotara, 32 irudi dira, mota guztietako ibaiekin (ibai zabalak, urtegietan bildutakoak, mendi errekak…)  egun eta urtaroen araberako argiaz ikusita. Argazki guztiak Koldo Badillok egin ditu.

Argazki panoramiko zabalgarriaz gain, ibai bakoitzak argazki gehiago dakartza, baita jakingarri geografikoak, kultura- eta natura- altxor nagusiak, ibilbide seinaleztatuak eta gomendatutako begiralekuak ere. Gainera, ibai ondotik paseoan ibiltzeko txangoa proposatzen du.

ibaiakCompleto2.indd