“Amets”, herri kulturaren egutegia

Amets gaztetxoak ez du uda aitona-amonen baserrian eman nahi. Normala, han aspertu egiten da eta. Hala ere, hara joan da, beharko! Eta, bat-batean, ezustean, bere burua abentura ikaragarrian murgilduta ikusi du, euskal kultura herrikoiaren bidezidorretan barrena, izaki harrigarri askoren eskutik. Bazatoz?

Egutegiko hamabi hilabeteei erreparatzen badiegu, gure kultura zaharraren arima eta oinarria non dagoen erakusten digute. Oinarrian gure arbasoen eta naturaren arteko harremana dago, hortik baitatoz egutegiko hilabeteen izen gehienak, naturaren sasoiei eta urtaroei estu-estu lotuta.

Euskal Herrian, beste leku askotan bezala, naturak eman digunetik bizi izan gara beti, eta hark eskaintzen digunaren arabera moldatuz eta hortik ikasiz eratu ditugu ohiturak, herriak, egiteko moduak eta mundua ikusteko erak. Naturaren joan-etorriari behatuz sortu da gure bizimodua, gure kultura, gu geu, baita gure festak, sinesmen eta jainkoak ere. Naturara egokituz sortu dugu gure herria.

Eta, hain zuzen, horixe da liburu honen mamia. Ametsekin batera egingo dugu bidaia, hilabetez hilabete. Gabon garaiko ohiturak, inauteriak, Santa Ageda bezpera, San Juan sua, landareak eta belarrak, ogibide zaharrak, izaki mitologikoak… Gure inguruan oso bizirik dagoen herri kulturaren unibertso oparoan barrena ibiliko da Amets, aho bete hortz, urrats bakoitzeko ikusten duenarekin zeharo liluratuta.

Bidaia honetako gidoia Leire Urkizuri zor zaio. Berak osatu du ibilbidea, tartekako ipuinak asmatu, edukiak aukeratu eta azaldu… Mundu tradizional hori irudietara Rakel Samitierrek eraman du, bikain eraman ere. Izan ere, liburu hau irakurtzeko bezainbeste irudiekin gozatzeko pentsatuta dago.

Liburuan kuku bat egin nahi duenak lerroon azpian dauka lagin bat.

Testu hau Elkar aldizkariko 86. zenbakian (2026ko negua) argitaratu zen lehenengoz. Aldizkari osoa, hemen: https://issuu.com/elkarcom/docs/elkar_aldizkaria_86_negua_invierno