Sua Edizioak, Durangoko Azokan

Ez da esan beharrik 2020ak bizitza aldatu digula, goitik behera. Eta aldaketa bortitz horrek Durangoko Azoka ere jo du. Ez da presentziala izango, baina egin, egingo da, plaza birtuala izango da eta. Eta Euskal Herria Liburuak, Sua Edizioetako gainerako argitalpenekin batera, bertan egon da. Sakatu esteka honetan eta aurtengo gure nobedade guztiak aurkituko dituzu. Denetara 35 liburu azalduko dira, behean ageri den “gehiago ikusi”n klik egin ezkero.

Hor agertuko zaizkigu Euskal Herria bildumako 2020ko liburu guztiak (datorren astean kaleratuko den “Pueblos de Araba con encanto” izan ezik). Hor topatuko dugu El Mundo de los Pirineoseko egutegia, Durangoko Azokako klasiko bat. Eta hor azalduko dira Sua Edizioak-ek euskaraz eta erdaraz argitaratu dituen azken liburuak: Alex Txikonen “Mendi biluzia” eta Ramon Olasagasti eta Cesar Llagunoren artean ondu duten “Iñurrategi Anaiak. Mendiari bihotz emanak” komikia.

Eta, horiez gain, aurtengo gainerako nobedadeak eta irakurleek estimu handitan dauzkaten liburuetako batzuk ere aurkituko ditugu.

Gogoan eduki Azoka birtuala abenduaren 4 eta 8 bitartean egongo dela erosketetarako zabalik, baina dagoeneko liburuak erreserbatu daitezkeela. 

Zatoz Suarekin Durangora!

Alex Txikonek “Mendi biluzia” liburua aurkezten du

Alex Txikonek Nanga Parbat mendiko bere ibilerak bildu ditu liburu kitzikagarri baten. Ahoan bizarrik gabe eman ditu “Mendi biluzia” neguan igotzeko ahaleginen berri, baita inguru hartan Daniele Nardi eta Tom Ballard erreskatatzeko saioa gomutara ekarri ere. Bideo horretan aurkezten du liburua, labur-labur.

Eta beheko argazkian, Nanga Parbateko espedizio kide bi ageri dira, “Mendi biluzia” liburua eskuratu berritan. Muhammad Ishaq eta Ali Sadpara dira, hurrenez hurren. Ali gailurrean egon zen Alexekin 2016ko igoera mitikoan. Ishaq, berriz, sukaldari aritu zen.

“Mendi biluzia”, Alex Txikonen ibilerak Nanga Parbaten

“Mendi biluzia” esan nahi du Nanga Parbatek eta zortzimilakoen artean teknikoena eta arriskutsuena izateko ospea dauka, K2arekin batera. Izen horixe darama goiburu asteon liburu-dendetara heldu den liburu berriak. Alex Txikonek idatzi du eta bertan mendi horretako bere ibilerak kontatu ditu, bereziki 2016ko neguko igoaldia.

Liburuan lehenengo pertsonan ekarri ditu gogora mendiko gorabeherak, tartean direla Nanga Parbatera igotzeko saiakera guztiak jakina. Testua gutxi balitz, argazki sorta bikainaz jantzita dator. Orrialdeak pasatu ahala, Alex Txikonen buruan egongo gara, espediziokide izango gara, hotza sartuko zaigu barru-barruan, eta haize izoztuak astinduko du gure gorputza… baina, zailtasun ikaragarriei aurpegia emanez, Naga Parbateko gailurrera igoko gara berarekin.

Horrez gain, hurrengo urtean, K2ra igotzeko espedizioan zebilenean, Daniele Nardi eta Tom Ballard alpinistak Naga Parbateko Mummery bidean galduta zeudela jakin eta martxan jarri zuen erreskatean gertatutakoaren berri izango dugu.