Urbasa eta Andia mendilerroko parke naturalak liburu bikaina merezi zuen. Eta badu: Kike Zinkunegik ondu duen Parque natural de Urbasa y Andia. Bertan natura-eremu oparo horren nondik norakoak aurkituko ditugu, hala bertako gakoak nola ibilbiderik kitzikagarrienak. Oihan sarriak, larre zabalak, mendi tontor harroak, ermita bakartiak, labar ikusgarriak, haitzarte meharrak, artzain txabolak eta eskortak, ur-jauzi sorginduak… Ez da ezer falta inguru honetan.
Nahi baduzue dastaketa txiki bat egin, esteka honetan utzi dizuegu aurkibidea, hitzaurrea eta sarrera. Gustuko izango duzuelakoan, on egin!
Egunotan heldu da liburu-dendetara Parque natural de Urbasa y Andia, aurtengo bigarren liburua Euskal Herria bilduman. Kike Zinkunegik egin ditu hala testuak nola argazkiak. Liburua, zalantzarik gabe, gonbit tentagarria da Urbasako pagadiak, Andiako larreak eta Satrustegiko mendilerroko gailurrak bertatik bertara ezagutzeko. Nork esango dio ezetz halako edertasunari?
Isurialde atlantikoaren eta mediterraneoaren artean kokaturik, Urbasa eta Andiako parke naturala Euskal Herriko eremu babestu garrantzitsuenetakoa da. Goi ordoki zabala, larreak, oihanak eta haitzarteak, goi-ibarrak, ibaisorburuak eta ur-jauziak, gailur panoramikoak, legendaz zipriztinduriko lekuak… parkeko 21.500 hektarea horiek altxor asko gorde dituzte. Haietako batzuk sona handiko lekuak dira, Urederrako sorburua, Beriain mendi txundigarria edo Artazuleko ur-jauzia, kasu. Beste asko, ostera, ez dira kasik ezagunak. Edonola ere, batera zein bestera joanez gero, ez zaigu damutuko.
Liburu honetan Kike Zinkunegi mendi-gidari adituak igoera eta txango sorta aparta proposatu digu, nahi badugu, natura-eremu jori honetako leku ederren bila joan gaitezen. Orotara, hogeita hiru txango eta igoera dira, izan Urbasako pagadietatik, izan bertako gailur lerdenetatik, Andiako larreetatik, Irantzuko arroilatik, galtzada zaharretatik, leize, leiho natural edo bestelako fenomeno karstikoetatik… Baina ez dira ibilbide hutsak. Haien bitartez jendeak mendez mende moldatu duen eremu zabala ezagutuko dugu. Ezagutuko ditugu bere kultura, legendak, historia eta gaur egungo errealitatea. Natura-eremu handi bat, liburu handi batean bildua.
Liburu-dendetan da, dagoeneko, Aupa Pou. Bizitzari sokaz lotutaliburua. Iker eta Eneko Pou anaiek azken hogei urteotako ibilerak kontatu dituzte, lehenengo aldiz liburu batean. Eta Poutarrek eurek aitortzen duten bezala, hara eta hona ibili dira horma bila bizitza bera abentura etengabea bilakatu arte. Abentura horretan mundu zabalean ibili dira eta pertsona paregabe asko ezagutzeko aukera eduki dute.
Bizitza eta abentura horiek dira liburu honetako mamia. Eta, jakina, liburuak jaso du euren bizitzek nolako aldaketa egin zuten 2000. urtean, haien zaletasunik handiena, mendia, bizimodu ere izango zutela erabaki zutenean. Harrezkero eskalada munduan jorratu duten ibilbide harrigarria edonor txundituta uzteko modukoa da.
Argazki ezin ederragoz jantzita datorren liburua da, gasteiztar anaia bi hauen lanaren neurria egoki ematen dutenak. Eta Eneko Pouk ondu duen testuak Patagoniatik Etxaurira, Tasmaniatik Asturiasera eta Himalayatik Alaskara eramango gaitu. Abentura hutsa.
Lerroon azpian esteka bat utzi dugu, liburuaren sarrera eta atal bat irakurgai jatzeko. Lotu Poutarren sokara!