Zeintzuk dira Euskal Herriko mendirik ederrenak?

Roge Blasco kazetari ezagunak Txusma Perez Azacetari egin dio elkarrizketa Ascensiones a las montañas más bellas liburu berria hizpide hartuta. Goiko bideoan ikus dezakegu. Solasaldirako aukeratu duten parajea ezin egokiagoa da, tontor ederrak dituela ezker-eskuin: Mugarra, Alluitz, Untzillatx, Anboto… Horiek Txusma Perez Azacetaren zerrendan ageri dira. Eta zurean?

Segurutik, nork bere zerrenda egingo luke. Gailur batzuk aukeraketa gehientsuenetan agertuko dira; beste batzuk, berriz, banaka batzuenetan baino ez. Azken finean, kontua ez da liburukoak ote diren Euskal Herriko mendirik ederrenak ebaztea, Txusmak aukeratu dituen guztiak mendi eder-ederrak direla baizik. Eta diogunaren erakusgarri, lerroon azpian liburuko aurkibidea paratu dugu, mendi zerrenda osoarekin. Tartean ote dira zure kutunak?

“Ascensiones a las montañas más bellas”, mendi ederrenak zain ditugu

Anbotoko erpina, Udalatxetik ikusita. Horrela tentatzen gaitu Ascensiones a las montañas más bellas liburuak, Euskal Herria bildumako ale berriak. Eta argazkia tentagarria izan bada, eder-ederra, botak jantzi eta aitaren batean bertara joateko gogoa pizten duen horietakoa. Nork esango dio ezetz paraje horietara igotzeari? Bada, zalantzarik gabe, beste horrenbeste gertatuko zaigu Txusma Pérez Azacetak osatu duen bildumako gainerako tontorrekin.

Izan ere, egileak bere mendi ederrenen zerrenda osatu du eta horietara igotzeko planak bilatu ditu. Zerrendan badira ezinbesteko mendiak, Orhi, Anboto, Aratz, Larrunarri/Txindoki edo Iparla kasu, baina baita hain ezagunak ez direnak ere. Horra hor, bestela, Soratxipi, Soila edo Pagazelai. Badira bimilako harroak, Ezkaurre eta Arlas esaterako, baina mendi apalak ere ez dira falta, oinak itsasoan dituen Ogoño ikusgarria kasu.

Argazki ederrez egokituta dator liburua, baita jakingarri ugariz hornituta ere. Eta Ramon Portilla alpinistak munduko mendi ederrenen bere aukeraketa erantsi dio, hango eta hemengoekin gozatua har dezagun.

Txusma Pérez Azaceta mendizale aditua da, zazpi libururen egile. Bilduma honetan arrakasta handiko liburuak plazaratu ditu, hala nola Rutas circulares fáciles, Las otras cumbres edo Cañadas y senderos de pastores.

“Rutas a frentes de guerra”, gure mendietako sekretuen bila

Baso, sastraka eta larreen estalki berdearen azpian, gure mendietako askok gerra lazgarrien orbanak gorde dituzte. Horietakoak dira, adibidez, hamar urtez Euskal Herria astindu zuten gerra gogorren oinatzak. 1936ko guda eta Bigarren Mundu Gerra gure lurraldeetara ere zabaldu ziren eta XX. mendeko historia markatu zuten. Denboraren eta ahazturaren ondorioz, lorratz horietako asko galdu ziren. Esther Merinok ondutako Rutas a frente de guerra (1936-1945) liburuak mendira garamatza joan den mendeko gerra eszenatokien bila.

Liburu honetan, hogeitaka ibilbideren eskutik, 1936ko uztailaren 18tik Bigarren Mundu Gerraren amaierara arte Euskal Herriak urratu zuen bidea ezagutuko dugu. Gertakizunik ospetsuenen eszenatokietara eramango gaitu, izan Legutioko guda, Gernikako bonbardaketa edo Artxandako defentsa desesperatua, baina baita ia ahaztuta dauden gatazka txikitara (Kurtzetxiki, adibidez), edo isilpean edo sasian ibilitako bideetara, San Cristobal gotorlekutik ihes egindakoen edo Comete sareko mugalarien bila.

Mendi, zelai, itsaslabar eta basoetan barrena lubakiak, bunkerrak, gotorlekuak, metrailadore-habiak, oroitarriak eta gatazkak utzitako mota guztietako lorratzak aurkituko ditugu. Horietan erabaki zen herri honen patua XX. mendean.

Liburuan sarrera historiko laburrak aurkituko ditugu, garaiko argazkiz egoki hornituta, eta lekurik interesgarrienetara joateko ibilbideak. Egilea, Esther Merino, mendizale aditua da. Pyrenaica aldizkarian sarritan kolaboratzen du. Hau bere bigarren liburua da, 2021ean argitaratutako Rutas montañeras a castillos medievales-en ostean. Lerro hauen azpian, Esther Merinok berak aurkeztu du liburua.