“Senderos clandestinos”, isilpeko mendi bideen xarma

Euskal Herria bildumak harribitxi ederra dakar bere ale berriarekin: Senderos clandestinos liburua. Ricardo Hernanik eta Jose Mari Torrek hogei ibilbide zahar aukeratu dituzte muga zahar eta berrien gaindi isilpean ibiltzeko, natura, historia eta edertasunaren xerka. Mendian gora eta behera, tontor handiak eta muino ahaztuak bidaide, Euskal Herriko historiako pasarte kitzikagarriak bertatik bertara ezagutuko ditugu.

Hogei dira liburuko ibilbideak, gehienak Ipar eta Hego Euskal Herria banatu nahi dituen mugaren inguruan harilkatuta. Mugalariok hor ibiliko gara, karabinero, txapeloker, jendarme eta okupatzaile naziengandik iheska, gure helmugara heltzeko asmoz. Horrela jakingo dugu garai bateko kontrabandoaren (gaulana) berri, kontrabando elearen baitan merkantziak ez ezik, iheslariak, errefuxiatuak, etorkinak, gerra-pilotuak, erresistenteak, desertoreak, presoak eta beste pertsona asko sartzen zirela ahaztu gabe.

Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban zehar, ostera, foru agintarien eta mikeleteen zaintzatik urrun ibiliko gara, zidorrik zidor eta bidez bide, sasoi zaharretako kontrabandoaren peskizan.

Liburu eder honetan igoera, txango, zeharkaldi eta mendi-buelta tentagarriak aurkituko ditugu, beti ere natura-paraje zoragarrietan barrena, Lakhura, Orhi, Iratiko oihana, Albako harria, Lindus, Kintoako pagadiak, Aiako harria edo Ganekogorta bezalako bidaideak ditugula.

Egileak, Ricardo Hernani eta Jose María Torre, eskarmentu handiko mendizaleak dira eta mimo handiz aukeratu, dokumentatu, prestatu eta kontatu dituzte ibilbideok eta ibilbide bakoitzari lotutako istorioak. Alde horretatik ere, ekarpena dakarren liburua da, gure esku uzten baitu luzaroan isilpean izan den hamaika pasarte harrigarri.

Liburuan kuxkuxeatu nahi duenak lerroon azpian dauka lagin bat, aurkibidearekin, sarrerakin eta zenbait orrialderekin. Ondo ibili!

“País del Bidasoa”, mendi ibilbide ederrak pasadisu txiki batean

Parke natural bi, zenbait erreserba natural hala mendialdean nola itsasondoan, gailur panoramikoak mitikoak edo ia ezezagunak, oihan amaigabeak, ibaiak, ur-jauziak eta herri xarmagarriak. Horixe dena aurkituko dugu Pais de Bidasoan, Euskal Herria bildumako liburu berrian. Gorka López mendizale adituak osatu du.

Pirinioetako erreka txiki gisa lehenengoz isurtzen denetik, agian Xorroxin aldean, Txingudiko bokalean itsasoratzen den arte, Bidasoa ibaiak nortasun handiko baina aldakorreko eskualdea osatzen du. Ez dira berdinak Hendaiako Hondarraitzeko hondar meheak eta Baztango larre beti berdeak. Liburu honek Bidasoako bazterretan egiteko hogeita hamar mendi ibilbide bildu ditu, eskualdeko natura bere gorenean eta bertatik bertara ezagutzeko.

Zain ditugu Malerrekako ibarra hesitzen duten tontorrak, Baztan haraneko zeharkaldia, Bertizko Jaurerriko parke naturala, Bortzirietako baso zabalak (Etxalar, Arantza…), Aiako harria aldeko igoera kitzikagarriak, Bidasoako ertzetako herri ezin politagoak, muga artifizial bilakatu dituzten mendiak eta Jaizkibel zein Hendaiako itsasertz zoragarria. Hain leku txikia eta hainbeste leku ikusteko eta gozatzeko!

Landa-ostatu batean asteburu bat zozketatuko dugu harpidedunen artean

Nekatur-ekin elkarlanean, Nekartxartel bat (bi gau eta bi gosari nekazalturismo batean bi pertsonentzat) zozketatuko dugu Euskal Herria liburuak bildumako harpidedunen artean.

Zozketaren emaitza datorren astelehenean, martxoaren 10ean, argitaratuko dugu gure sare sozialetan (Facebook, Twitter eta Instagram). Egun horretan bertan jarriko gara harremanetan irabazlearekin Nekatxartela helarazteko.

Gure bildumako harpidetzaz gehiago jakiteko: https://sua.eus/harpidetzak/

Zorte on harpidedun guztioi!!