“Productos del país”, gastronomia eta ibilbideak elkartzen dituen liburu ederra

Ardoak, olioak, gaztak, babarrunak, esnea, eztia, behi eta txerri haragia, barazkiak, gaztainak… Euskal Herriko produktuak dira liburu ezberdin eta, aldi berean, klasiko honen protagonista nagusiak. Ezberdina da, bai, liburu azal dotorea ikustea besterik ez dago, dena Tolosako babarrun eta Ibarrako pipar. Ezberdina Productos del país. Rutas y visitas liburuak lehen sektoreko ekoizleen lantokietaraino eramango gaituelako. Baina baita klasikoa ere, bisitaldiak biribiltzeko inguruetatik ibilbide politak proposatzen dituelako.

Izan ere, ideia da olio-errota batera joan ostean olibondoen itzalpean picnica egitea, edo euskal xerriak nola hazten dituzten ikusi eta gero mendi-buelta ederra egitea. Gaztak zelan egiten dituzten ikusiko dugu, Nafarroako Erriberako kontserbak nola egiten dituzten, barazkien eta lekaleen produkzioaren nondik norakoak bertatik bertara ezagutuko ditugu… eta bisitaldi horien ostean (edo aurretik) ibilbide zoragarriak egingo ditugu inguruetako mendietatik.

Egilea Alberto Muro da, mendizale, gidari, kazetari eta argazkilari aditua. Euskal Herria goitik behera ibilita dago. Liburuan kalitate handiko testu eta argazkiak uztartu ditu. Horien bidez berehala piztuko zaigu liburuak dakartzan hogeitasei proposamenen gaineko jakin-mina.

Euskal Herria zaharberritu da

Euskal Herria Liburuak bilduma, Euskal Herria aldizkariaren (2003-2013) oinordekoa eta jarraipena, zaharberritu egin da. Berritu eta egokitu egin ditu hala diseinua nola edukiak. 2021ean argitaratu dituen liburuek ildoa markatu dute eta hari segika plazaratuko ditu datozen urteetakoak. Alegia, argazki eta irudiei protagonismo handiagoa emanda, eduki gehiagorekin eta, jakina, mendi, kultura, natura eta xendazaletasunarekiko grinari eusten.

Elkar aldizkariak, iraileko zenbakian, erreportaje zabala eskaini dio aldaketari. Lerroon azpian utzi dugu, irakurri nahi duenarentzat. Bitxikeria gisa, jakin ezazue bildumako hurrengo liburuaren azala bertan topatuko duzuela. Alberto Muroren Productos del país. Rutas y visitas liburua da eta datorren astean helduko da liburu-dendetara eta harpidedunen etxeetara. Euskal Herria Liburuak bildumaren 2021eko azken liburua Javi Pascual Otaloraren Excursiones por riberas de ríos izango da, ibaiertzetatik txango zoragarriak egiteko gonbit tentagarria.

“Ascensiones desde refugios” liburuari harrera gozoa egin diote hedabideek eta mendizaleek

Uztailaren bigarren erdialdean heldu zen liburu-dendetara Ascensiones desde refugios y albergues liburua. Txusma Perez Azaceta mendizale adituak prestatu zuen eta Euskal Herria bildumaren baitan agertu da. Harrez gero, mendiaz gozatzeko plan sorta bikain horrek harrera gozoa eskuratu du hala mendizaleen aldetik nola hedabideetan.

Esaten dugunaren erakusgarri, hona hemen azken asteetan liburuaren berri eman duten hedabideetako batzuk: Txintxarri, Goierriko Hitza, Diario Vasco, Naiz, Noticias de Gipuzkoa eta Onda Vasca.

Liburu-dendetan ere eta, oro har, mendizaleen artean, harrera beroa egin diote liburuari, mendiaz gozatzeko aukera kitzikagarriak eskaintzen dituelako. Mendi giroaren tenpluak dira aterpetxeak eta bertatik abiatzen dira liburuko igoera guztiak. Esaten dugunaren erakusgarri, lerroon azpian atxikita utzi ditugu “Ascensiones desde refugios” liburuko lehenengo orrialdeak.