Euskal Herria Liburuak bilduma, Euskal Herria aldizkariaren (2003-2013) oinordekoa eta jarraipena, zaharberritu egin da. Berritu eta egokitu egin ditu hala diseinua nola edukiak. 2021ean argitaratu dituen liburuek ildoa markatu dute eta hari segika plazaratuko ditu datozen urteetakoak. Alegia, argazki eta irudiei protagonismo handiagoa emanda, eduki gehiagorekin eta, jakina, mendi, kultura, natura eta xendazaletasunarekiko grinari eusten.
Elkar aldizkariak, iraileko zenbakian, erreportaje zabala eskaini dio aldaketari. Lerroon azpian utzi dugu, irakurri nahi duenarentzat. Bitxikeria gisa, jakin ezazue bildumako hurrengo liburuaren azala bertan topatuko duzuela. Alberto Muroren Productos del país. Rutas y visitas liburua da eta datorren astean helduko da liburu-dendetara eta harpidedunen etxeetara. Euskal Herria Liburuak bildumaren 2021eko azken liburua Javi Pascual Otaloraren Excursiones por riberas de ríos izango da, ibaiertzetatik txango zoragarriak egiteko gonbit tentagarria.