Baztan, bisitariak hartzeko prest

DSC00145lekarozarrazkazan

Baserriak Lekarozko Arrazkazan auzoan.

Hilaren 4an uholde bortitzek Elizondo eta Erratzu gogor astindu bazituzten ere, Baztan eta Malerreka aldean arin ibili dira kalteak konpontzeko, bazterrak garbitzeko eta dena txukun eta behar bezala edukitzeko. Lan handia egin dute, gehiena ibarreko biztanleen auzolanari esker. Ahalegin itzel horren ondorioz, datorren asteburuan berriz ere bisitariak hartzeko moduan egongo direla iragarri dute.

Eskualdeko turismo erakudeak, Bertiz Partzuergo Turistikoak alegia, oharra kaleratu du jakinarazteko “Baztan Bidasoa irrikaz dagoela datorkigun asteburu eguzkitsua aprobetxatzeko”. Hala herritarrek nola landa-etxeak, hotelak, kanpinak, jatetxeak, ostatuak eta zerbitzu elkarteak “gogo haundiz daude, beti bezala, zerbitzua ahalik eta hoberen emateko Baztan Bidasoan egonaldia ahaztezina izan dadin”.

Baztan aldera jotzeko gogoaz zeudenak, beraz, ez ditzatela planak alda. Eta inguru kaltetua lagundu nahi duenak, egote hutsarekin lagun dezake bertara egun edo asteburu pasa joanda. Paradisu berdea gure zain dago.

Durangaldeko haitzei begira

urkiolaArgazkia: Txusma Perez Azaceta.

Igaro berri den asteburuan euria zarra-zarra egin du Euskal Herriko bazter askotan. Bereziki, jakina denez, Baztan, Baigorri, Garazi eta Lapurdi aldean. Triskantza handia eragin dute. Bihoakie hemendik besarkada estua kaltetu guztiei.

Hala ere, dena ez da hodei beltza izan. Bailara askotan zerua oskarbi agertu da eta berotu ere polito egin du. Hondartzarako agian ez, baina mendian ibiltzeko aro ederra izan dugu. Hona hemen, Urkiolako behatokitik ikusita, Durangaldeko haitzezko gandor ezagunenetako batzuk, lehengo larunbatean ageri ziren bezala: ezkerretik eskuinera, Eskuagatx, Leungana, Mugarra eta Untzillatx. Bertatik ibili nahi duenarentzat, hona hemen laguntzaile egokia.

Baserri Eguna igandean Igartubeitin

baserriegunDatorren igandean, ekainak 15, Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserri-museoan seigarren Baserri Eguna ospatuko dute. Aurten Neolitotik datorren kultur tradizio oparoari erreparatuko dio Baserri Egunean: artzaintzari.

Egitaraua goizeko 11:30ean hasiko da Ion Orzaiz eta Iñaki Vergararen argazki erakusketaren zabalpenarekin. Eguerdian Fermin Leizaolaren eskutik bisita gidatua artzaintzaren tradizioaren bila. 12:30ean Idiazabalgo gaztaren dastaketa (aurrez izena eman behar da). 13:30ean ardiak mutiltzeko (ilea mozteko) erakustaldia egingo du Jose Etxezarretak. Ordubete geroago, herri bazkaria izango da, artzaintzari lotutako produktuekin. Eta bazkalosterako, Mixel Etxekopar zuberotar musikariaren kontzertua, artzaintzaren doinuak gogora ekartzeko.

Egun osoan zehar familia osoarentzako ekintzak izango dira. Igartubeiti XVI. mendeko baserri puska da, museo gisa atonduta. Informazio gehiago hemen.