
Erdi Aroko gatazka bortitzek ondorio bitxia laga zuten: gure mendi kaskoak gaztelu eta dorreekin bete ziren. Mota guztietako mendiak baliatu zituzten, mendixka estrategikoak zein labar helezinak. Horietako batzuk zutik diraute. Euskal Herria Liburuak bildumako liburu berriak, Rutas montañeras a castillos medievales alegia. Egileak, Esther Merinok alegia, mendira jotzeko gonbidatu gaitu, ohi bezala naturaz gozatzeaz gain, historiaren lorratzak bertatik bertara ikustera.
Esther Merinok hogeita bost mendi igoera proposatu dizkigu, beste horrenbeste gaztelura. Gaztelu horiek mendi gainean altxatzen dira, hala haitz tentetan nola muino xumetan edo mendigune basatienetan. Besteak beste, Lapoblación, Jentilbaratza, San León edo Untzueta mendietara igoko gara. Gailurretan Erdi Aroko gaztelu zaharrak dauzkagu zain, denboraren joanari zutik eutsi dioten Astulez, Lanos eta Portilla kasu. Beste batzuk, azkenaldion induskatu eta agerian gelditu dira, hala nola Irulegi, Gerga edo Elo. Eta badira erorita eta ahaztuta dautzanak, ingurutik igaro eta dakienak bakarrik igarriko dituenak, Astxiki, Irurita edo Toro adibidez. Igoera hauetan mendi ibilbide kitzikagarriak eginez Erdi Aroko historia bortitza ezagutuko dugu.
Esther Merino mendizale aditua da, Pyrenaica aldizkariko eta beste hedabide batzuetako kolaboratzailea. Iñaki Sagredo ikerlariak sarrera historikoa idatzi du.