“Excursiones por riberas de ríos”, ibai ondoko bideen xarma

Batzuetan haserre eta oldarkor agertzen badira ere, ibaiak eta errekak edertasunen gordailu izaten dira. Haien ibarretan zuhaitz eta landare asko hazten dira. Animalia sorta luze bat babesten da haien abaroan. Lehengo bizimoduek ere lorratzez zipriztindu dituzte hango eta hemengo uhaldeak. Eta, jakina, ezin aipatu gabe utzi uraren jario etengabe eta liluragarria. Osagai horiekin paisaia gogoangarriak eratzen dituzte eta, gainera, bertatik ibiltzea gehienetan erraza eta atsegina izaten da. Zer gehiago eska genezake? Bada liburu eder batean ibilbide mordoa bilduta jasotzea. Eta horixe da Excursiones por riberas de ríos liburu berriak dakarkiguna.

Orotara 23 ibilbide dira, Euskal Herriko ibaiertzei estu lotuta, inguruan ditugula hala ibai handienak (Ebro, Aturri, Arga, Aragon…) nola ur xirripa apalak (Epele, Altxerri..). Guztietan aurkituko ditugu leku paregabeak eta guztiak izango dira desberdin. Iratiko Oihanetik Nerbioiraino eta Galdamestik Bidaxuneraino, ibaiak bidaide hartuta txango zoragarriak egitera eramango gaitu liburu honek.

Javi Pascual Otalorak idatzi du liburua. Hogeita bost urtez Sua Edizioak argitaletxeko zuzendaria izan eta gero, erretiroa hartu ostean Euskal Herria bilduman hasi da liburuak plazaratzen. Aurretik bi kaleratu ditu: Pueblos de Bizkaia con encanto (2019) eta Pueblos de Araba con encanto (2020).

“Productos del país”, bertoko produktuak eta plan itzelak

Euskal Herria Liburuak bildumako liburu berria desberdina da. Hala aldarrikatzen du bere azal iradokitzaile eta dotoreak. Ez, ez zaio ahaztu naturan barrena egiteko ibilbide zoragarriak ekartzea. Eta ez dio uko egin Euskal Herria zertan den ezagutzera emateari. Zeregin biak ederki bete ditu, bildumak ohi duen kalitatearen bermeaz. Aldea beste leku batean dago, edukietan alegia, herrian barrena hara hona eramango gaituelako, naturan txango ederrak egitera, bai, baina baita lehenengo sektoreko harribitxi gozoenetako batzuk nork, non eta zelan sortzen dituen ikustera. Hona hemen Alberto Muroren Productos del país liburuko proposamenak.

Orotara hogeitasei proposamen dira, tartean direla olibondoen itzalpean picnica egitea, desagertzeko zorian egon zen Euskal Xerria arrazako txerri haztegia bisitatzea edo gaztainen sekretuak ezagutzea. Ideia sorta askotaz zabalagoa da: artaldeak, gaztandegiak, upeltegiak, olio-errotak, kontserba lantegiak, lekaleak… Lerroon azpian Productos del país liburuko erakusgarri txiki bat utzi dugu, denon esku. Hor daude, besteak beste, ibilbide guztien zerrenda eta horietako bat oso-osorik. Ondo ibili eta on egin!

Urbasa-Andiarako bidaiderik onena

Udaberria badoa eta uda ate joka daukagu. Eguraldi ona nagusitu da. Sasoi ederra, mendira joateko. Eta gure mendiguneen artean, Urbasa eta Andiako parke naturalak berezko distira dauka. Hogei milatik gora hektareako eremu joria da, naturaren altxorrez mukuru beteta.

Aukera hori egiten badugu, Parque natural de Urbasa y Andia liburua gure gidarik onena izango da. Kike Zinkunegik bertan mendigunea zertan den azaldu digu, historia eta istorio pilo kontatu eta, batez ere, 23 ibilbide proposatu dizkigu zokondorik ederrenak ezagutzeko eta naturaz gozatzeko: Beriain gisako tontor harroak, Ubaguaren moduko haitzarte bakartiak, Zalbideko galtzada zaharra, Urbasako pagadiak, Urederrako urdin sinesgaitza… eta hamaika harribitxi gehiago.

Bideoan ikusten den bezala, liburuan testu laburrak eta ibilbideen deskribapenak tartekatzen dira, mapaz, jakingarriz eta argazki ederrez egoki horniturik.

Ez dago dudarik. Urbasa edo Andian ibiltzeko, Parque natural de Urbasa y Andia bidaiderik onena da. Botak jantzi eta… mendira!