
Juanma Oliveiraren Setas para sanar, alucinar y disfrutar liburua zer esana ematen ari da uztailaren amaieran liburu-dendetara heldu zenetik. Hala eskarmentu handiko zale adituak nola zizen munduaz jakin-mina besterik ez daukatenak aho bete hortz utzi ditu liburuak, hain da ezberdin, erakargarri eta interesgarria.
Lehenengo eta bat esan dezagun azpitituluak argitzen duenez, hau eskuliburua dela, alegia, zizak nola bilatu, jaso, bildu, erabili eta kontsumitu zabaldu nahi duela, beti ere ikuspegi praktiko batetik begiratuta. Irizpide horietatik abiatuta, lau atal nagusi ditu, zizen munduaren aurkezpen orokorraz gain: ziza sendagarriak, aluzinogenoak, toxikoak eta jateko gozoak.
Edukiz egoki horniturik egoteaz gain, azalpenak publiko zabalari begira egin ditu Oliveirak, alegia, aurretik zizen munduaz ezer jakin ez arren, nolabaiteko interesa edukitzea nahikoa da liburuko atal horietan barrena gogo biziz murgiltzeko. Lantzean behingo umore zipriztinek are gehiago samurtzen dute irakurketa, baina berez gaiek badakarte aldean edozein irakurleren interesa pizteko lain gatz eta piper. Eta, jakina, irudi ikusgarriz lagunduta dator, azalpenak errazteko eta irakurketa kitzikagarriagoa izan dadin.
Esaten dugunaren erakusgarri, lerroon azpiko estekan liburuko orrialde batzuk laga ditugu. Ondo ibili eta asko gozatu!