
Euskal Herria bildumak harribitxi ederra dakar bere ale berriarekin: Senderos clandestinos liburua. Ricardo Hernanik eta Jose Mari Torrek hogei ibilbide zahar aukeratu dituzte muga zahar eta berrien gaindi isilpean ibiltzeko, natura, historia eta edertasunaren xerka. Mendian gora eta behera, tontor handiak eta muino ahaztuak bidaide, Euskal Herriko historiako pasarte kitzikagarriak bertatik bertara ezagutuko ditugu.
Hogei dira liburuko ibilbideak, gehienak Ipar eta Hego Euskal Herria banatu nahi dituen mugaren inguruan harilkatuta. Mugalariok hor ibiliko gara, karabinero, txapeloker, jendarme eta okupatzaile naziengandik iheska, gure helmugara heltzeko asmoz. Horrela jakingo dugu garai bateko kontrabandoaren (gaulana) berri, kontrabando elearen baitan merkantziak ez ezik, iheslariak, errefuxiatuak, etorkinak, gerra-pilotuak, erresistenteak, desertoreak, presoak eta beste pertsona asko sartzen zirela ahaztu gabe.
Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban zehar, ostera, foru agintarien eta mikeleteen zaintzatik urrun ibiliko gara, zidorrik zidor eta bidez bide, sasoi zaharretako kontrabandoaren peskizan.
Liburu eder honetan igoera, txango, zeharkaldi eta mendi-buelta tentagarriak aurkituko ditugu, beti ere natura-paraje zoragarrietan barrena, Lakhura, Orhi, Iratiko oihana, Albako harria, Lindus, Kintoako pagadiak, Aiako harria edo Ganekogorta bezalako bidaideak ditugula.
Egileak, Ricardo Hernani eta Jose María Torre, eskarmentu handiko mendizaleak dira eta mimo handiz aukeratu, dokumentatu, prestatu eta kontatu dituzte ibilbideok eta ibilbide bakoitzari lotutako istorioak. Alde horretatik ere, ekarpena dakarren liburua da, gure esku uzten baitu luzaroan isilpean izan den hamaika pasarte harrigarri.
Liburuan kuxkuxeatu nahi duenak lerroon azpian dauka lagin bat, aurkibidearekin, sarrerakin eta zenbait orrialderekin. Ondo ibili!