Kondaira zaharren ibilbideak

Gure geografia kondaira zaharrez josita ageri da. Batzuk baso ospel, mendi lerden, harkaitz segail edo leize sakonei atxikita daude. Beste batzuk, berriz, gaztelu, etxe, baseliza edo megalitoei lotu zaizkie. Kondaira zaharren ibilbideak liburu berriak 26 ibilbide proposatzen dizkigu Euskal Herriko elezaharren oinatzen atzetik. Gure paisaia ederrenetako batzuetan zehar ibiliko gara, zazpi herrialdeetan barrena, antzinako sineskerak gidari.

Mitoak behialakoak izan daitezke, baina baita ez hain zaharrak ere. Horregatik liburu honetan denetarik aurkituko dugu: Mari jainkosa, jentilak, sorginak, lamiak, Erdi Aroko pasadizoak, XIX. mendeko Altzoko Handia… Horien atzetik ibilian-ibilian Euskal Herriko paraje ederrak bertatik bertara ezagutu ez ezik, gure sineskera zaharren unibertsoan ere murgilduko gara.

Liburuko proposamen guztietan, lehenengo, antzinako kontakizunaren berri ematen da eta, jarraian, egin beharreko ibilbidea deskribatzen da, ohi bezala, argazki, jakingarri praktiko eta mapa baten laguntzaz.

Josean Gil-Garcia Argotek osatu du liburua, hala testuak nola argazkiak. Eskarmentu handiko mendizalea izateaz gain, Euskal Herriko historia eta antzinako kondairak ondo ezagutzen ditu. Nahi duenak liburua zertan den jakin, lerroon azpian lagin bat utzi dugu eskuragarri. Ondo ibili!

“Rutas con leyenda”, Asturias gure zain dago

Asturiasek liluratu egiten gaitu bertara heldu eta batera. Izan ere, leku gutxitan ikusten dira hain egoki nahastuta hiru osagai funtsezko: mendi garaiak, ibar berde-berdeak eta izugarri ongi gorde duten kostaldea. Rutas con leyenda liburuak Asturiaseko paisaia ederretan barrena eramango gaitu laugarren osagai garrantzitsu bat gidari hartuta: bertako kultura. Ahozko tradizioak zazpi kontakizun eta irelu gorde ditu eta haiek sorgindu egingo gaituzte, zaindu dituzten parajeek sorginduko gaituzten bezalaxe.

Sonia Romo eta Manuel Blancoren liburu honek Asturieseko leku ederrenetako batzuetara eramango gaitu, behialako sineskeren lorratzen atzetik. Hogeita bat ibilbide eskaintzen dizkigu, inguru sorginduetara sartzeko gonbit gisa, eta, bide batez, antzinako kondaira eta sineskera haiek sortu zuen unibertso kulturala ezagutzeko atea zabaldu digu.

Liburu honek, Rutas con leyenda alegia, Asturias ederra erakutsiko digu ahozko kulturaren altxor oparotik abiatuta. Atal bakoitzak gai bat aurkeztuko digu, baita hari lotutako bailara ere. Kondairaren arrastotik joango den ibilbidea ere proposatuko digu. Eta dena, argazki ederrez egoki hornituta. Han daude, gu noiz agertuko, Santa Compaña, Cuelebre, Xanak eta, batez ere, Asturiaseko paisaia zoragarriak.

Esan dugunaren erakusgarri, lerroon azpian liburuko aurkibidea, sarrera eta atal bat utzi ditugu.