“Euskal Herria. 56 ibilbide xendazaleentzat”, gure herria goitik behera ibiltzeko makulua

Liburu ederra ondu du Mikel Arrizabalagak Euskal Herriko paraje sorta eder bat guztion esku jartzeko. Euskal Herria. 56 ibilbide xendazaleentzat liburu berriak zazpi herrialdeetan barrena eramango gaitu mendi, oihan, ibai, haitzarte, begiratoki, ur-jauzi eta galtzada zaharren bila.

Azaletik bertatik ematen digu abisua, Atxarre menditik Oka ibaiaren bokale paregabea erakusten duen argazkiaren bidez: liburu honek Euskal Herriko leku zoragarriak erakutsiko dizkigu, ezker-eskuin, ipar eta hego, paisaia mota asko daudelako zazpi herrialdeetan eta denetan ederrik dago. Orrialdeotan zain ditugu itsasaldeko talaiarik ederrenak, oihan sarriak, ibaiak eta aintzirak, ur-jauziak eta padurak, tontorrak eta haitzarteak, gazteluak, ermitak eta megalitoak.

Proposamen guztiak xendazaleentzat pentsatuta daude. Alegia, desnibel gutxiko ibilbideak dira, eta ez oso luzeak. Ibilbideen deskribapenei argazki ederrak, jakingarri praktikoak eta mapa bana erantsi zaizkie, arazorik gabe egin ahal izateko.

Mikel Arrizabalaga mendizale aditua da eta zazpi hedabidetan kolaboratu izan du. Sua Edizioak-ekin, besteak beste, Aiako Harria parke naturala eta Jaizkibel liburua plazaratuta dago.

Liburuko orrialdeetan kuku bat egin nahi dutenentzat, lerroon azpian lagin bat utzi dugu. Ondo ibili!

Kondaira zaharren ibilbideak

Gure geografia kondaira zaharrez josita ageri da. Batzuk baso ospel, mendi lerden, harkaitz segail edo leize sakonei atxikita daude. Beste batzuk, berriz, gaztelu, etxe, baseliza edo megalitoei lotu zaizkie. Kondaira zaharren ibilbideak liburu berriak 26 ibilbide proposatzen dizkigu Euskal Herriko elezaharren oinatzen atzetik. Gure paisaia ederrenetako batzuetan zehar ibiliko gara, zazpi herrialdeetan barrena, antzinako sineskerak gidari.

Mitoak behialakoak izan daitezke, baina baita ez hain zaharrak ere. Horregatik liburu honetan denetarik aurkituko dugu: Mari jainkosa, jentilak, sorginak, lamiak, Erdi Aroko pasadizoak, XIX. mendeko Altzoko Handia… Horien atzetik ibilian-ibilian Euskal Herriko paraje ederrak bertatik bertara ezagutu ez ezik, gure sineskera zaharren unibertsoan ere murgilduko gara.

Liburuko proposamen guztietan, lehenengo, antzinako kontakizunaren berri ematen da eta, jarraian, egin beharreko ibilbidea deskribatzen da, ohi bezala, argazki, jakingarri praktiko eta mapa baten laguntzaz.

Josean Gil-Garcia Argotek osatu du liburua, hala testuak nola argazkiak. Eskarmentu handiko mendizalea izateaz gain, Euskal Herriko historia eta antzinako kondairak ondo ezagutzen ditu. Nahi duenak liburua zertan den jakin, lerroon azpian lagin bat utzi dugu eskuragarri. Ondo ibili!

“Ibilbide geologikoak”, gure paisaiarik ederrenak ikusteko beste modu bat

LIburu berria dakar Euskal Herria bildumak. Berria, ezberdina, harrigarria… batez ere harrigarria, aho bete hortzekin utziko gaituelako eta harriak direlako protagonista nagusiak. Harriak, haitzak, buztinak… gure paisaiak osatzen dituzten lehengaiak begien aurrean azalduko zaizkigu, gure mundua nola sortu zen argitara ateratzeko. Ibilbide geologikoak. Paisaia nola irakurri liburuak modu errazean gidatuko gaitu gure mendi, ibar eta kostaldean barrena, ikusten dugun edertasuna uler dezagun.

Itsaslabarretatik bi mila metroko mendietara oso kilometro gutxiko aldea dago Euskal Herrian. Bitarte estu horretan mota guztietako paisaiak topatuko ditugu: oihanak, ibarrak, haitzak, basamortuak, tontor segailak… ederrak guztiak. Liburu honek paisaia horiekin gozatzeko beste bide bat eskaintzen digu, irakurketa geologikoa eginez zer ikusten ari garen azaltzen baitigu, modu erraz eta praktikoan. Horrela jakingo dugu nola sortu ziren liluratu gaituzten gailurrak, haranak, ibaiak eta basoak. Eta begiak zabalduko zaizkigu.

Orotara, hamazazpi ibilbide dakartza liburuak. Proposamen bakoitzak, lehenengo-lehenengo, nondik norakoak azaltzen ditu, abiapuntutik helmugara eta itzulera nola egin. Baina, geroago, ibilbidean geldialdi geologikoak non egin eta zer ikusiko dugun xehe-xehe azaltzen digu. Gure planetaren historia harrigarria eta paisaia aldaketa txundigarriak bertatik bertara ikusiko ditugu. Lekuak zehatz topa ditzagun, azalpenez gain, GPS koordenadak ere eskaintzen ditu liburuak, QR bidez. Ez dago galtzerik!

Liburua Arturo Apraiz geologoak egin du. Eskarmentu handia dauka geologia gizarteratzen, hala unibertsitateko irakasle gisa nola ibilbide geologikoak gidatzen eta antolatzen. Esaten dugunaren erakusgarri, lerroon azpian, liburuaren lagin bat utzi dugu. Gozatu!