“Setas para sanar, alucinar y disfrutar”, zizen mundu harrigarrian sartzeko eskuliburua

Liburu-dendetara heldu berria da eta, seguru, zer esana emango du. Zertaz ari garen? Setas para sanar, alucinar y disfrutar liburuaz, alegia, mikologiaz ezertxo ere ez dakien baina jakin nahi duen jendea zizen mundu harrigarrian barrena gidatuko duen liburuaz. Egileak, Juanma Oliveirak alegia, modu pedagogiko, praktiko eta atseginean eramango gaitu onddoen mundura, umorea ere neurrian erabiliz.

Hau ez da zizen gaineko beste liburu bat. Onddoen mundua aurkeztu eta gero, lau ataletan sakontzen du: ziza osasungarriak, espezie aluzinogenoak, kontsumituz gero heriotza eragin dezaketenak eta, azkenik, gastronomiari eskainitako atala. Azken horren barruan, gomendatutako espezie sorta bat jorratu du egileak, baita eurak zelan bildu, gorde, kontserbatu eta prestatu ere. Errezetek dantzan jarriko dituzte gure tripetako zorriak, seguru.

Juanma Oliveirak umorez zipriztindu du gai honek behar duen seriotasuna. Bide horretatik, era erakargarri eta interesgarrian jarri ditu irakurleon esku zizen munduaren gakoak. Argazkiek ere asmo horrekin bat egin dute, onddoen unibertso harrigarriaren irudi txundigarriak lagun.

“Productos del país”, bertoko produktuak eta plan itzelak

Euskal Herria Liburuak bildumako liburu berria desberdina da. Hala aldarrikatzen du bere azal iradokitzaile eta dotoreak. Ez, ez zaio ahaztu naturan barrena egiteko ibilbide zoragarriak ekartzea. Eta ez dio uko egin Euskal Herria zertan den ezagutzera emateari. Zeregin biak ederki bete ditu, bildumak ohi duen kalitatearen bermeaz. Aldea beste leku batean dago, edukietan alegia, herrian barrena hara hona eramango gaituelako, naturan txango ederrak egitera, bai, baina baita lehenengo sektoreko harribitxi gozoenetako batzuk nork, non eta zelan sortzen dituen ikustera. Hona hemen Alberto Muroren Productos del país liburuko proposamenak.

Orotara hogeitasei proposamen dira, tartean direla olibondoen itzalpean picnica egitea, desagertzeko zorian egon zen Euskal Xerria arrazako txerri haztegia bisitatzea edo gaztainen sekretuak ezagutzea. Ideia sorta askotaz zabalagoa da: artaldeak, gaztandegiak, upeltegiak, olio-errotak, kontserba lantegiak, lekaleak… Lerroon azpian Productos del país liburuko erakusgarri txiki bat utzi dugu, denon esku. Hor daude, besteak beste, ibilbide guztien zerrenda eta horietako bat oso-osorik. Ondo ibili eta on egin!

“Productos del país”, gastronomia eta ibilbideak elkartzen dituen liburu ederra

Ardoak, olioak, gaztak, babarrunak, esnea, eztia, behi eta txerri haragia, barazkiak, gaztainak… Euskal Herriko produktuak dira liburu ezberdin eta, aldi berean, klasiko honen protagonista nagusiak. Ezberdina da, bai, liburu azal dotorea ikustea besterik ez dago, dena Tolosako babarrun eta Ibarrako pipar. Ezberdina Productos del país. Rutas y visitas liburuak lehen sektoreko ekoizleen lantokietaraino eramango gaituelako. Baina baita klasikoa ere, bisitaldiak biribiltzeko inguruetatik ibilbide politak proposatzen dituelako.

Izan ere, ideia da olio-errota batera joan ostean olibondoen itzalpean picnica egitea, edo euskal xerriak nola hazten dituzten ikusi eta gero mendi-buelta ederra egitea. Gaztak zelan egiten dituzten ikusiko dugu, Nafarroako Erriberako kontserbak nola egiten dituzten, barazkien eta lekaleen produkzioaren nondik norakoak bertatik bertara ezagutuko ditugu… eta bisitaldi horien ostean (edo aurretik) ibilbide zoragarriak egingo ditugu inguruetako mendietatik.

Egilea Alberto Muro da, mendizale, gidari, kazetari eta argazkilari aditua. Euskal Herria goitik behera ibilita dago. Liburuan kalitate handiko testu eta argazkiak uztartu ditu. Horien bidez berehala piztuko zaigu liburuak dakartzan hogeitasei proposamenen gaineko jakin-mina.