
Ricardo Hernani eta Jose María Torre mendizaleek ondu dute Senderos clandestinos liburua. Eta a zer liburua! Ez dituzte ba legez kanpoko jardueretan erabilitako hogeitaka ibilbide bildu! Horregatik, liburu kitzikagarria da, gure historiako pasarte ezezagun asko argitara ekartzeaz gain, gaur egun jende gutxi edo bat ere dabilen natura-eremu ederretan barrena mendi-ibilera ederrak proposatu dituelako.
Liburuan, esate baterako, Comète sareak Bigarren Mundu Gerran erabilitako ihesbideetako batzuk jaso dituzte. Sareak batez ere hegazkin eraitsietako pilotuak atera zituen nazien mendeko eremuetatik. Liburuan Urruña-Bera-Endarlatsa bide nagusiaz gain, sareak ibilitako beste batzuk islatu dituzte, Dantxarinea, Ezpeleta, Aritzakun eta Urritzatetik. Belgikako Erresistentziak Iratiko Oihanaren inguruan eratutako ihesbideak ere ageri dira liburuan, Mendibe eta Orbaizeta artean. Eta, jakina, Orhi mendiaren eta Kakuetako arroilaren inguruetatik egindako ihesaldi epikoak ere azaldu dituzte.
Nazien aurkako Erresistentziaren sareez gain, liburuak Ezkabako gotorlekuko ihesaldi masibo eta mitikoa (1938) ere jaso dute, iheslariak ibilitako xendetatik gora eta behera. Eta, jakina, kontrabandoa egiteko, legez kanpo merkantziak eta pertsonak igarotzeko erabilitako bide andana ere ekarri dute: Etxalar, Baztan, Aldude, Uztarroze, Larraine… Pirinioetatik kanpoko kontrabando bideak ere jaso dituzte, Araba, Bizkaia eta Gipuzoan bana.
Laburbilduz, liburu bikaina da gure historiako atal kitzikagarri eta ezezagunen berri izateko, hamaika jakingarriz josita, eta mendi ibilbide bikainak egiteko gutxitan ibilitako natura-eremu ederretan barrena. Hobeagorik, nekez!