“Cañadas y senderos de pastores”, artzain-bideetatik gora

Mendira joateko modu eta bide asko daude. Cañadas y senderos de pastores liburuan, Txusma Perez Azaceta eta Sara Carte Morionesek artzainak eta artaldeak hautatu dituzte bidelagun. Antzinean bezala gaur egun ere erabiltzen dituzten bideetan gora egitera gonbidatzen gaituzte. Mendiaz gozatu eta, gainera, artzain kulturaren ondare joria eta gaur egungo errealitatea bertatik bertara ezagutzeko parada izango dugu.

Orotara, hogeita bost ibilbide bildu dituzte egileok liburu honetan, hogeita hamarren bat gailur egiteko asmoz. Baina tontorrak bezain inportanteak dira bidean aurkituko ditugunak. Izan ere, zeharkatuko ditugun parajeak, hein handi batean, artzaintzak moldatu ditu: larreak, oihanak, trikuharriak, sarobeak, kaiolarrak eta kortak… Abelbideotan barrena egingo ditugun txango eta igoeren osagarri, egileok plan sorta ederra erantsi diote liburuari artzain kulturaz behar bezala janzteko, baita gazta gozoa dastatzeko ere, zergatik ez.

Txusma Perez Azaceta eta Sara Carte Morionesek proposamen sorta bikaina osatu dute, Aiaraldea eta Ganekogortatik Andiaraino. Tartean dira artzain-kulturaren eremu gorenak diren Gorbeia, Urkiola, Aizkorri, Entzia, Aralar eta Urbasa. Ondo ibili!

Baserri Eguna igandean Igartubeitin

baserriegunDatorren igandean, ekainak 15, Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserri-museoan seigarren Baserri Eguna ospatuko dute. Aurten Neolitotik datorren kultur tradizio oparoari erreparatuko dio Baserri Egunean: artzaintzari.

Egitaraua goizeko 11:30ean hasiko da Ion Orzaiz eta Iñaki Vergararen argazki erakusketaren zabalpenarekin. Eguerdian Fermin Leizaolaren eskutik bisita gidatua artzaintzaren tradizioaren bila. 12:30ean Idiazabalgo gaztaren dastaketa (aurrez izena eman behar da). 13:30ean ardiak mutiltzeko (ilea mozteko) erakustaldia egingo du Jose Etxezarretak. Ordubete geroago, herri bazkaria izango da, artzaintzari lotutako produktuekin. Eta bazkalosterako, Mixel Etxekopar zuberotar musikariaren kontzertua, artzaintzaren doinuak gogora ekartzeko.

Egun osoan zehar familia osoarentzako ekintzak izango dira. Igartubeiti XVI. mendeko baserri puska da, museo gisa atonduta. Informazio gehiago hemen.