“Rutas para conocer los Pirineos”, askatasun ametsak

Berriz ere gure aisialdia gertuko ingurunera mugatuta gelditu berri den honetan, naturan ibiltzearen plazera gomutara etortzen zaigu. Eta “Rutas para conocer los Pirineos. Los mejores itinerarios en Camper” liburuak, Loli Flores eta Mario Cruzek egindakoak, naturan libre ibiltzeko gonbit xarmagarria dakar aldean, mendilerroa hegoaldetik nahiz iparraldetik zeharkatuz.

Diogunaren erakuskarri, lerroon azpiko estekan liburuaren ataltxo bat utzi dugu, berriro ere naturan ibiltzearen zirrara senti dezagun, haren zati txiki bat besterik ez garela gogoratzen dugun bitartean.

Gainbegiratua Euskal Herriko ugaztunen gidari

Euskal Herriko ugaztunak ezagutu nahi dituzu? Jonathan Rubinesek ondutako “Guía de mamíferos de Euskal Herria” gidan aurkituko dituzu. Euskal Herriko basafaunako 99 ugaztun espezie batu ditu, hala lehorrekoak nola itsasokoak. Eta oso erabilgarria da. Espezie guztien fitxa multzo bikaina ez ezik, animalia bakoitza identifikatzeko gako sorta ere eskaintzen du, hasi oinarrizko jakintzetatik eta buka ikuspegi zientifikoagoan, kaskezurretako ezaugarri bereizleak espezieka jarrita. Nahi duzu probatu? Klikatu lerroon azpiko esteka eta animalia batzuen fitxak eskuratu ahal izango dituzu.

Eta natura maite baduzu, ez ahaztu Euskal Herriko natura ezagutzera eman nahi duen Guías Natura sailean bertan, ugaztunen gidaz gain, ondoko hauek ere plazaratu direla: “Euskal Herriko hegaztien gida”, “Euskal Herriko zuhaitzen gida” eta “Guía de flores de Euskal Herria”.

“Guía de los montes de Navarra”, Nafarroako mendi guztiak liburu batean

Nafarroako mendien biblia esaten diote, eta badute horretarako arrazoi sendorik. “Guía de los montes de Navarra” (Sua Edizioak, 2019) liburu mamitsuaren laugarren edizioak 231 igoera eta 522 gailur bildu ditu bere orrialdeetan. Kopuru ikaragarria, egileak, Juan Mari Feliu mendizale adituak alegia, bere gain hartu duen lanaren neurria ematen diguna. Aurreko edizioa ikuskatu, zuzendu eta handitu zuen eta horretarako liburuan ageri diren tontor guztietara igo zen.

Nafarroak, bere zabalean, mota guztietako mendiak eskaintzen ditu, hasi Hiru Erregeen Mahai sabai subalpetarretik eta buka Bardeetako muino bakartietan, Higa edo Beriain gisako mendi lerdenak, Orhi bezalako mitoak eta isurialde atlantikoa zimurtzen duten mendilerro apalak ahantzi gabe. Igoera batzuk goizpasa atseginean geldituko dira; beste batzuk, berriz, egun osoa eta ahalegin handia eskatuko digute.

Guzti-guztiak, tartean direla Euskal Herriko Mendien Katalogoko Nafarroako 215 gailurrak, liburu honetan ageri dira, nola igo egoki azalduta. Aldean mapa txiki bat eta, sarritan, argazkia edukiko dute. Lerroon azpiko estekan mendi guztien zerrenda eta Baztan aldeko igoera sorta bat utzi dizuegu. Ondo ibili!