“Nutrición, seguridad y salud en la montaña”, mendizalearen laguna

15 SEGURIDAD SALUDsarean

Euskal Herria Liburuak bildumako ale berriak Nutrición, seguridad y salud en la montaña dakar izenburu (Elikadura, segurtasuna eta osasuna mendian). Gidaliburu bikaina da, bere baitan biltzen dituelako naturan egiten ditugun jarduerak osasungarriak eta seguruak direla bermatzeko jakingarri guztiak. Egileek eskarmentu handia daukate arlo honetan: Antxon Burcio mendizale adituak eta Joana García kirol elikaduran adituak idatzi dute.

 Liburua, seguru gaude, laster izango da mendizale guztientzat ezinbesteko argia. Zati bitan banatuta dator. Lehenengoa Antxon Burciok idatzi du eta bertan jorratu ditu mendian gorde beharreko segurtasun neurriak, alegia, janzkera eta ekipo egokia zein den, istripu bat gertatuz gero zelan jokatu… eta hamaika kontu gehiago.

Liburuaren bigarren atalean Joana Garcíak elikadura eta osasun arloko gaiak landu ditu, azken aldiko ekarpen zientifikoen argitara. Elikagaien ezaugarriak aletu, hidratazioa, termoregulazioa, kirol elikagaiak eta gehigarri dietetikoak jorratu eta minik ez hartzeko gomendioak batu ditu.

Azken finean, naturan egiten ditugun jarduerekin gozatu baina minik edo kalterik hartu gabe. Horixe da liburu honek eskaintzen diguna.

Antxon Burcio legazpiarra goi-mendietako gidaria eta mendi-sorospen zein mendi-kiroletan tekniko-irakaslea da. Joana García, ostera, naturopata da, elikadura eta dietetikan goi-mailako teknikoa eta, gainera, mendizale porrokatua.

This slideshow requires JavaScript.

Hemen dira euskal itsasertzeko ibilbiderik ederrenak!

EH_COSTA.indd

Lerroon gainean aurkituko duzu Los mejores paseos de la costa vasca liburuari dagokion aurkibidea (klikatu gainean handiago ikusteko). Santi Yanizek atondu du liburua eta, testu eta argazkien bidez, euskal kostaldeko bazterrik zoragarrienak ezagutzera, ibiltzera eta gozatzera gonbidatu gaitu. Erdu!

Bidean azalduko zaizkigu, besteak beste, kala ezkutuak (Jaizkibel aldekoak, kasu, hareharrizko eskulturez apaindurik), meatzaritzako bide zaharrak (Muskiz), uharteak (Garraitz, Amuitz…), zingirak (Plaiaundi, Urdaibai…), talaiak (Otoio, Ulia…), historiaz lepo zamatuta egon arren tente altxatzen diren itsaslabarrak, itsasargi bakartiak, portuak, gotorleku eta bunkerrak, itsaslapurren habiak, galtzadak, hondartza itzelak eta elezaharrek aukeratu zituzten badiak.

Hau guztiau, Santi Yanizen argazki bikainez lagundurik. Eta, bidaide, mapak, ibilbidearen deskribapenak eta ibiliko garen lekuen gaineko hamaika kontu bitxi eta harrigarri, historia, natura eta kultura hobeto ezagutzeko.

This slideshow requires JavaScript.

Kostaldearen xarma, 50 txango ederretan bildua

14 COSTAweb

Udaberria ate joka datorkigu eta ez esku hutsik. Aldean dakar “Los mejores paseos por la costa vasca”, Euskal Herria Liburuak bildumako ale berria alegia. Egilea Santi Yaniz da, argazkilaria, kazetaria eta, batez ere, gure herria ondoen ezagutzen duenetakoa bat. Haren eskutik joango gara itsasertzeko lekurik zoragarrienen bila.

Edonork egiteko moduko paseoak dira. Eta itsasbazter guztian barrena. Baionatik Muskizera, Aturritik Barbadunera. Itsaslabarretatik zein hondartzetatik, kala, talaia, galtzada, portu eta bokaleak nahastean. Kresalaz zipristindurik ibiliko gara, itsasoa ortzemuga, bideko hurrengo bihurgunean agertuko zaigun paisaia xarmagarria ikusteko irrikan. Lapurdiko kostaldeko zoko-moko sorginduak, Jaizkibelgo harearrizko eskulturak, Zumaia eta Mutriku arteko geoparkea, Bizkaiko ekialdeko lapatzak, Urdaibaiko altxorrak, Serantes eta Luzero puntako begiralekuak… eta, jakina, Gaztelugatxe, euskal kostaldeko ikur nagusia.

Txango bakoitzarekin, dagokion mapa eta jakingarriez gain, aurkituko duguna deskribatzen digun testu zabala dakar liburua. Eta, gainera, Santi Yanizen argazki sorta paregabea.

Santi Yanizek urte asko egin ditu Euskal Herria goitik behera korritzen eta ezagutzera ematen. Argazkilaria eta kazetaria, sarritan egin du lan Sua argitaletxearekin. Euskal Herria Liburuak bilduman hiru liburu eder gehiago argitaratu ditu: Los bosques más bellos, Excursiones a nacederos eta Ventanas naturales hain zuzen.

This slideshow requires JavaScript.