Udaberria ate joka datorkigu eta ez esku hutsik. Aldean dakar “Los mejores paseos por la costa vasca”, Euskal Herria Liburuak bildumako ale berria alegia. Egilea Santi Yaniz da, argazkilaria, kazetaria eta, batez ere, gure herria ondoen ezagutzen duenetakoa bat. Haren eskutik joango gara itsasertzeko lekurik zoragarrienen bila.
Edonork egiteko moduko paseoak dira. Eta itsasbazter guztian barrena. Baionatik Muskizera, Aturritik Barbadunera. Itsaslabarretatik zein hondartzetatik, kala, talaia, galtzada, portu eta bokaleak nahastean. Kresalaz zipristindurik ibiliko gara, itsasoa ortzemuga, bideko hurrengo bihurgunean agertuko zaigun paisaia xarmagarria ikusteko irrikan. Lapurdiko kostaldeko zoko-moko sorginduak, Jaizkibelgo harearrizko eskulturak, Zumaia eta Mutriku arteko geoparkea, Bizkaiko ekialdeko lapatzak, Urdaibaiko altxorrak, Serantes eta Luzero puntako begiralekuak… eta, jakina, Gaztelugatxe, euskal kostaldeko ikur nagusia.
Txango bakoitzarekin, dagokion mapa eta jakingarriez gain, aurkituko duguna deskribatzen digun testu zabala dakar liburua. Eta, gainera, Santi Yanizen argazki sorta paregabea.
Santi Yanizek urte asko egin ditu Euskal Herria goitik behera korritzen eta ezagutzera ematen. Argazkilaria eta kazetaria, sarritan egin du lan Sua argitaletxearekin. Euskal Herria Liburuak bilduman hiru liburu eder gehiago argitaratu ditu: Los bosques más bellos, Excursiones a nacederos eta Ventanas naturales hain zuzen.