“Parque natural y sierra de Aralar”, Euskal Herria bildumako liburu berria alegia, eskuetan hartzea nahikoa da mendira jotzeko tentazio kitzikagarria sentitzeko. Zehatzago esanda, Gipuzkoa eta Nafarroa artean zabaltzen den mendigune horretako edozein mendira, gure herriko paisaien eta kultur ondasunen arragoa baitira. Tentatuko gaituzte inguru hartako leku zoragarrietara igotzeko proposamenek eta tokian tokiko edertasun menderagaitza fideltsasun osoz islatu duten argazki zoragarriek.
Liburuan hogeitahiru proposamen aurkituko ditugu, mendigune osoan zehar ibiltzeko, hala Gipuzkoako alderdian (parke natural gisa sailkatuta dagoena) nola Nafarroakoan. Igoerak, zeharkaldiak, txangoak eta ibilbide laburrak dira, beti ere Aralarko zokondo ederren bila. Larre zabalak, gailur harroak, hariztiak, pagadiak, artadiak, ur-jauziak, leize eta eremu karstikoak… Aralar zertan den erakutsiko diguten proposamen horietan lurraren taupadak sentituko ditugu.
Egilea, Juanjo Garbizu, mendizale porrokatua da. Arlo honetaz duen eskarmentua eta jakinduria liburu, gida eta youtuben daukan kanalaren bidez zabaldu du.
Bilduma honetan ohi den bezala, proposamen guztiak zehazki deskribatuta ageri dira, jakingarriz egoki hornituta eta aldean mapa eta argazki dotoreak ekartzen dituzte. Mendira jotzeko tentaldiari nork eutsiko?