Euskal Herria Liburuak bildumako ale berriak gure naturgunerik preziatu eta ezaugarrienetako batera eramango gaitu: Gorbeiako natura parkera alegia. Alberto Muro gidari eta argazkilariak 24 txango eta igoera hautatu ditu eremu babestu honetan barrena ibiliz gorde dituen ederrak ezagutzeko. Irakurleak “Parque natural de Gorbeia” liburuan aurkituko ditu.
Izan ere, 20.000 hektareatan Gorbeiako natura parkeak paisaia sorta polita iraunarazi du, zorigaitzez Euskal Herriko gainerako lekuetan gutxitan ikusten diren horietakoak, Altubeko pagadi zabala (2.000 hektarea), Bortaleko trokako artadiak edo Zuia ibarreko ameztiak adibidez. Ahaztu barik, jakina, Itxinako labirinto karstikoa, biotopo babestua eta, batez ere, haitzaren, pagoaren, haitzuloen eta lainoaren erresuma urruna.
Gorbeiako gailur ezaugarria, Arabako eta Bizkaiko mendizaleen kuttuna, ur-jauziak, sarobeak, megalitoak, ehunka urteko haginak, behialako baserriak, larreak eta zuhaiztiak dira paisaia liluragarri hori ehundu duten hariak.
Liburuko txango eta igoera guztiek ibilbidearen deskribapen zehatza dakarte, baita fitxa teknikoa eta mapa ere. Eta, batez ere, Alberto Muroren argazki zoragarriak. Haien bidez Gorbeiako natura parkeaz gozatuko dugu etxetik irten gabe ere.