Asturias bilduma kaleratzeari ekin dio Sua Edizioak argitaletxeak. Lehenengo liburua kalean da dagoeneko: “Rincones que te sorprenderán”, Luis Aurelio González, Loli Palomares eta David González Palomaresek egindakoa. Bilduma honetan goi mendia eta itsasoa egoki uztartzen dituen lurralde zoragarri horretako gaiak argitaratuko ditu Suak.
Lehenengo liburu honek 33 txango proposatzen ditu Asturiaseko lekurik harrigarrienak ezagutzera emateko, nahi mendia (Somiedoko lakuak adibidez), nahi itsasoa (Buelnako itsaslabarrak, kasurako). Ur-jauziak, haitzarteak, begiratokiak, oihanak, itsasadarrak, ibarrak eta tontorrak dira, besteak beste, ibilbide zoragarri horietako gakoak. Deskribapen zehatzak eta argazkiak lagun, era ezin hobea dira bestelako Asturias batean barrena ibiltzeko.
Asturias bildumaren aurretik Sua Edizioak argitaletxeak Catalunya (zazpi titulu), Galicia (titulu bi), Aragón (titulu bi) eta, jakina, Euskal Herria (26 titulu) bildumak jarri ditu martxan.