Sua Edizioak argitaletxeak Mapas Pirenaicos bildumako mapa berri bi kaleratu ditu, ohi bezala, 1:25.000 eskalan. Biak ala biak Pirinioetako erdialdeko natur eremuak dira, mendizaleek biziki maite dituzten horietakoak: Maladeta-Aneto eta Balaitus-Vignemale hain zuzen ere.
Mapa Miguel Angulo espezialistak egin du gaur egungo teknikarik aurreratuenak erabiliz. Gainera, GPSrako erreferentziak dakartza. Lan kartografiko hauetan seinaleztatutako ibilbide guztiak islatu dira, baita Gorka Lopezek Suarentzat bereziki atondutako hamabost ibilbideak ere. Ibilbide horiek (txangoak zein mendi igoerak) maparekin batera saltzen den liburuxkan ageri dira zehatz-mehatz azaldurik.
Beraz, mapetan jasota daude Aneto, Gran Facha, Vignemale, Maladeta edo Balaitus bezalako mendi handietarako igoerak, baina baita laku eta haitzarteetan barrena egiteko txangoak ere (Ibon de Cregüeña, Gorgas de Alba…). Gorka Lopezek diseinatutako ibilbide guztien trackak Suaren web gunetik jaitsi ahal izango dira laster batean.
Mapas Pirenaicos bilduma 2014an sortu zen. Mendizaleek harrera beroa egin diote. Hala Pirinioetako nola Euskal Herriko natur eremu garrantzitsunetako kartografia eskaintzen du, 1:25.000 eskalan.