Heldu da “Las mejores rutas en BTT” liburuaren bigarren edizioa

Liburu-dendetan dago Las mejores rutas en BTT liburuaren bigarren edizioa. Iván Ruiz Rotaecheren lana orain dela urtebete argitaratu zen Euskal Herria Liburuak bilduman. Bere baitan euskal herrialde guztietan barrena doazen hogeita hamar ibilbide proposatzen du, bizikleta maite duten guztiak asetzeko lain.

Plazaratu zen egunetik bertatik liburu honi harrera beroa egin zioten hala prentsak nola zaletuek oro har. Esaten dugunaren erakusgarri, liburuak lehenengo edizioa osorik agortu du eta orain atzera da liburu-dendetan bigarren edizioarekin.

Liburuak Euskal Herria gurpil bi gainean zeharkatzeko gonbita dakar aldean. Ibilbide guztiak zirkularrak dira eta zehatz deskribatuta ageri dira. Argazki ederrak ere badakartza, ibiliko garen parajeetako batzuk erakusteko. Zain ditugu, beraz, haitzarteak, gailurrak, mortuak, itsaslabarrak, basoak, ibaiak eta euskal geografiako hamaika bazter eder.

“Excursiones por riberas de ríos”, ibaiertzetik ibiltzearen plazera

Uraren gargarak gidatzen ditu gure urratsak. Haltzen eta makalen itzalpean gabiltza ibaiertzetik. Hemen, ur-lasterrak; han, berriz, osina; bien artean, beharbada, urbitartea, edo agian presa bat. Hurrengo meandroak zer erakutsiko goaz bidean aurrera. Segurutik, laster aurkituko dugu atsedena hartzeko moduko leku egoki-egokia, non paisaiaz gozatuko garen, txorien txilioak eta ur-jarioaren berbaroa entzuten ditugun bitartean. Horrelako planak proposatzen ditu Excursiones por riberas de ríos, liburuak. Bertan Javi Pascual Otalorak ibai ondotik egiteko hogeita hiru ibilbide zoragarri bildu ditu.

Euskal Herria goitik behera ibiltzeko planak dira. Bosna Araban (Nerbioi, Ebro, Purón, Ihuda et Ega ibaiak), Bizkaian (Goiolako, Barbadun, Butroe, Lea eta Urkiolaerreka), Gipuzkoan (Altxerri, Deba, Arantzazu, Epele eta Leitzaran) eta Nafarroan (Urbeltza, Arga, Larraun, Aragón eta Irantzu) eta hiru Ipar Euskal Herrian (Biduze, Errobi eta Arhan-Aturri). Beheko irudian ibilbide guztiak ageri dira, hala zerrendan nola mapan kokatuta.

Era guztietarako txangoak dira, izan mendi-erreka apalen eskutik, izan Euskal Herriko ibai handienen ertzetik. Bidean baso ezinederragoak aurkituko ditugu, burdinola biziberrituak, gaztelu harrigarriak, errotak, Erdi Aroko zubiak, haitzarteak, ur-jauziak, padurak, zirga-bideak, erreka oldarkorrak eta ibai itxuraz otzanak… Ideia itzelak Euskal Herria goitik behera ibiltzeko ibai ederrenen altzotik. Liburua nolakoa den jakin nahi duzuenentzat, beheko estekan aurkibidea eta liburuko erakusgarri txiki bat utzi dugu. Ondo ibili!

“Euskal Herriko bira”ren nondik norako kitzikagarriak

Zer esana ematen ari da Euskal Herriko Bira. Autoz egiteko ibilbide handia liburu berria. Izan ere, Jordi Bastartek idatzitako gida honek bederatzi etapa eta 1.130 kilometroko ibilbidea marraztu du zazpi herrialdeetan barrena gure herria hobeto ezagutzeko, bertatik bertara gozatzeko eta, azken finean, gehiago maitatzeko. Baina, nondik nora doa Euskal Herriko Bira? Galdera ona, nondik norakoak benetan kitzikagarriak dira eta.

Alde batetik, ibilbidea euskal kostalde osoari itsatsita doakio, hasi Muskizen eta Baionako barraraino. Kresalaren ostean, ibar berdeetako eta mendi altuetako belar bustiaren usaina segituko dio. Ondoren, oihan zabalak, gari-sailak, ardantzeak eta haitzarteak tartekatuko dira gure bidean, bat-batean basamortuarekin tupust egin arte. Eskualde bakartiak zeharkatuko ditugu, baina baita hiriburu guztiak (Maule izan ezik) eta hiri nagusietako asko.

Horixe da, hain zuzen, bidaia honen ezaugarririk behinena: kilometro gutxitan paisaia sorta joria ikusiko dugu: ur-jauzi ikusgarriak, gatz-harana, milioi bat lagun bizi den metropolia, haitzulo ikusgarriak, Erdi Aroko hiribilduak, portuetako giroa, Bardeetako mortuak, Larrako goi-mendia, mahastiak… Beheko irudian ageri da liburuak proposatzen duen ibilbidea.

Jakina, liburua ez da mapa hutsa. Etapa bakoitzaren nondik norakoekin batera, zazpi jakingarri, proposamen, ideia eta otordu kitzikagarri dakar gu tentatzeko. Azken finean, egun osoko ibilbidea 130en bat kilometrokoa bada batez beste, bidean egingo ditugun geldialdiek markatuko dute gure bidaia. Lerron azpian klik eginda, pdf deskargatu ahal duzue, ibilbidearekin, sarrerarekin eta orrialde pare batekin, liburuaren erakusgarri. Ondo ibili!