“Rutas montañeras desde las capitales”, liburu asko liburu bakar batean

Liburu desberdina da Rutas montañeras desde las capitales. Desberdina da edukiz, batez ere txango gehienen abiapuntuak hiritzarrak direlako, Hego Euskal Herriko hiriburuak alegia. Botak jantzi eta tipi-tapa ibiltzen hasiko garenean kalean egongo gara, espaloi gainean ziurrenez, zain dugun mendia etxe-orratzen atzean ostendurik dagoela. Urratsez urrats, hiritik atera eta naturan murgilduko gara, plazer handiz.

Baina horrez gain, liburu honetan badira kontu gehiago. Hasteko eta bat, Antxon Iturriza Aizpel mendizale ezagunak eta mendizaletasunaren historian adituak testu kitzikagarria idatzi du euskal hiriburuak eta mendizaletasunaren sorrera lotzen, De las calles a las cumbres izenburupean. Bestetik liburuko aitzinsolasa eskarmentu handiko beste mendizale bati zor zaio, Jesús Mari Alquézarri, hain zuzen.

Eta liburuaren erdialdean, gehigarri moduan, hiriburu horietako berdeguneen gaineko erreportaje aipagarria dakar, argazki ederrez hornituta. Gure bidaia hiri barruko paseo batekin osatu nahi badugu.

Esaten dugunaren erakusgarri, beheko estekan liburuaren orrialde batzuk jarri ditugu ikusgai. Besteak beste, aurkibidea, Alquézarren aitzinsolasa eta mendi txango bat paratu ditugu. Ondo ibili!

“Rutas montañeras desde las capitales”, hiriburuetatik mendira

Liburu honek ezohiko planak dakartza aldean: hiriburu handienak abiapuntutzat hartuta, tontor, talaia eta balio handiko natur eremuen bila joatea. Rutas montañeras desde las capitales, Euskal Herria bildumako titulu berria, ideia horrekin dator, alegia, euskal herritar gehienak bizi diren hirigune nagusi horiek ere badirela igoera eta txango ederrei ekiteko leku egoki-egokiak.

Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Bilbo mendiz inguratuta daude eta, gizakion presioak zeharo itxuraldatu baditu ere, eutsi egin diete bere balio natural gehienei eta horri esker aisialdi gune estimatuak bilakatu dira. Liburu honek hogeita lau ibilbide aukeratu ditu hiri handietako bihotzetatik abiatuta mendi gailur ederretara (Pagasarri, Arrieta, Arratzain, Ezkaba Txiki…), talaia ikusgarrietara (Igeldo, Artxanda, Olarizu, Oihana…), eta gure historiaren lekukoetara (Irulegiko gaztelua, Burdinazko Hesia, Eskibelgo dorrea, Txoritokietako gotorlekua…) heltzeko.

Egilea Txusma Perez Azaceta mendizale aditua da. Mendi-liburu asko argitaratuta dago, tartean bilduma honetan bertan agertu diren Las otras cumbres de la montaña vasca eta Rutas circulares fáciles, besteak beste.

Liburuak, gainera, Antxon Iturriza Aizpelen artikulu bat dakar hiriburuek euskal mendizaletasunarekin eduki duten harreman historikoaren gainean. Sarrerako testua Jesus Alquezar mendizaleari zor zaio.