Hemen daude Euskal Herriko BTT ibilbiderik onenak

Egun gutxi egin ditu gure artean eta dagoeneko zeresana ematen hasi da. Iván Ruiz Rotaecheren “Las mejores rutas en btt” liburuak herria goitik behera eta ezker-eskuin zeharkatzen duten hogeita hamar ibilbide zirkular dakartza bere baitan, bizikletaz Euskal Herriaz goza dezagun. Nahi duzu jakin ze ibilbide diren?

Lerroon azpian Iván “Rota”k hautatu, diseinatu eta korritu dituen hogeita hamar proposamenen zerrenda laga dugu. Haiekin batera, sarrera laburra eta ibilbideetako bat jarri dugu, Zumaiako flyscha eta euskal kostaldeko geoparkea, hain zuzen ere. Horrela liburua zertan den jakingo duzue. Ondo ibili!

Bide batez: bildumaren itxura eta diseinua berriztatzeari ekin diogu. Ea gustatzen zaizuen!

“Las mejores rutas en BTT”, Euskal Herria bizikletaz ezagutzeko deia

Euskal Herria Liburuak bildumako 2021eko lehenengo emaitzak, “Las mejores rutas en BTT” liburuak alegia, gure herriko natura-eremuetan barrena bizikletaz ibiltzeko gonbitea dakar. Gure geografia joria ezagutzeko ibilbide zirkularrak proposatu ditu, hala itsaslabar malkarren gainetik nola Bardeetako mortuetatik, Pirinioetako gailur harroak edo Arabako harizti zabalak ahaztu gabe. BTTz egiteko pentsatuta badaude ere, ibilbide hauek ezagutaraziko dizkiguten lekuetako batzuk oinez ere egin genitzake, hala nahi izanez gero.

Liburuak, gainera, nobedadeak dakartza. 2021. urtean zehar bildumako liburuek diseinua berritu eta eguneratuko dute, edukiak are erakargarriagoak egiteko ahaleginean. Esaten dugunaren erakusgarri bikaina da post honen buru paratu dugun liburuaren azal ederra.

Iván Ruiz Rotaechek idatzi ditu liburuko testuak eta egin ditu liburuko argazkiak. Mendizale eta txirrindulari iaioa, ondo baino hobeto ezagutzen ditu Euskal Herriko natura-eremuak. Pyrenaica aldizkariko erredakzio kontseiluko kidea da. Zer hobeto liburua Ivánek berak aurkeztea baino? Aurrera bideoa!

‘Vías Verdes’, Euskal Herria oinez eta bizikletaz gozatzeko liburua

portadaVV.inddAntzina, lokomotora herdoilduak gure txoko malkartsuetan barrena ibiltzen ziren, txistu eta marru. Ausart haiek edonora iristen ziren, izan Irunberriko Arroila, Leitzaran ibarra, edo Durangaldeko gailurrak. Gaur gomuta besterik ez dira, baina haiek urratutako bideetatik txirrindulariak eta oinezkoak ibiltzen dira, leku zoragarrietatik paseo ederrean.

SONY DSCEuskal Herriko bide berde guztiak (bide berde esaten zaie bizikletaz ibiltzeko atondutako trenbide zaharrei) bildu ditu Euskal Herria liburuak bildumako hirugarren aleak. ‘Vías Verdes, bidegorris y caminos naturales’ du izena eta Alberto Muro idazle eta argazkilariak egin du. Bide berdeak ez ezik, gorriak ere batu ditu, bidegorririk xarmagarrienak aukeratu eta erantsi baitizkio liburuari. Bizikleta maite duten guztiek badute leku zoragarri andana batean ibiltzea naturaren erdian, modu seguruan eta malda pikorik igo beharrik gabe. Horietako gehienetatik, oinez ere joan daiteke, tipi-tapa, gozo-gozo.

Orotara, liburuak 39 bide berde eta bidegorri bildu ditu, Euskal Herri osoan barrena: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroa. Hasi klasikoekin, Plazaola edo Tarazonica kasu, eta buka Aturri ibaiko ertzetik, Zadorrako urtegiak inguratzen edo Urdaibain barrena. Xehetasun handiko testuak, argazkiak eta ibilbideetako mapak dira pedalari eraginez Euskal Herria ezagutzeko gonbite honen osagaiak. Ezingo duzu ezetz esan!

IMG_9464 MQ VIASVERDESok.indd