Armañongo parke naturala begietatik sartuko zaigu

Liburuko azal ikusgarritik bertatik, Parque natural de Armañón y Karrantzak lau haizetara zabaltzen du ederra dela, hala azalez nola mamiz. Peña del Moro haitzaren abaroan hazten den oihan sarriaren gaineko argazki zoragarriak Euskal Herriaren mendebaldeko muturrera joateko gonbitea dakarkigu, hango altxor naturalak bertatik bertara ikusteko. Ezetz ezetz esan!

Esan legez, ederra kanpotik, ederragoa barrutik. Izan ere, liburuko orrialdeetan Juan Carlos Muñoz handiaren argazki bikainak aurkituko ditugu, baita Mar Ramirez kazetari adituak aukeratu dituen ibilbide erakargarriak ere. Dozena bat proposamenek Armañongo parke naturalaren eta inguruko eremuen berri emango digute. Horien bidez, lekuan lekuko altxorrak ezagutzeko parada izango dugu: Pozalagua, Raneroko haitza, Sopeñako artadia, Los Jorrioseko tontor zuria… Beste horrenbeste ibilbidek, berriz, Karrantzako eremu natural garrantzitsuenetan murgilduko gaitu: Zalama mendia, Ordunteko ipar isurialdeko magalak, Mesadako mendiak, Ribacobako zutarriak…

Liburua ikusi nahi duenak lerroon azpiko estekan pdf bat utzi dugu. Bertan daude liburuko aurkibidea, sarrera eta orrialde batzuk. Ondo ibili!

Utzi iruzkina