Uda ate joka dator eta harekin batera “normaltasun berria” esaten dioten hori. Hasi gara, atzera ere, naturan ibiltzeko planak egiten, senide eta lagunekin elkartzen, ostatuetara itzultzen. Kontu handiz beti, arriskuak saihestuz. Baina bagabiltza berriro ere aisialdiaz gozatzen. Kinka honetan liburu eder batek are balio handiagoa hartu du. Izan ere, “Rutas y restaurantes con encanto de Navarra” (Sua Edizioak 2018) liburuak hamaika proposamen eta plan eder eskaintzen dizkigu.
Liburuak Nafarroako 38 jatetxe aukeratu ditu, denak kalitate berme handienekoak. Gainera, guztiak dira ezaugarri bereziren baten jabe: bertako espezialitateak direla, edo betiko sukaldeari eusten diotelako, edo berritzaileak direlako, giro bikainagatik…. Bakoitzarekin batera liburuak mendi txangoa proposatzen du inguruetatik, egun osoko plan bikaina egin ahal izateko.
Josema Azpeitia gastronomoak eta Ritxar Tolosa argazkilariak hartu dute jatetxeen ardura. Mendi ibilbideak, berriz, Txusma Perez Azaceta mendizale adituari zor zaizkio. Lerron azpiko estekan, liburuaren pintxo bat utzi dugu, dastaketa txiki bat egin ahal izateko. On egin eta ondo ibili!