Mapas Pirenaicos bilduma arrakastatsuak lau izenburu berri ekarri ditu azken asteetan liburudendetara. Mendizaleen kuttunak dira, gainera, mapa berriek islatu dituzten eremuak. Egin kontu: Belagua-Zuriza, Gorbeiako parke naturala, Anboto-Udalatx (Urkiolako parke naturala) eta Bidasoa-Bertiz eskualdea (Bertizko parke naturala barne).
Bilduma honetan ohi den bezala, Miguel Angulo adituak osatu ditu lau mapok. Erabat gaurkotuta daude, GPSrako egokiturik eta 1:25.000 eskalan aurkezturik, xehetasun guztiak jasotzeko. Besteak beste, eskualde horietako ibilbide seinaleztatu guztiak (SL, PR, GR…) islatu dituzte mapa hauek.
Gainera, mapek liburuxka ere badakarte. Sua Edizioak eta Gorka Lopez mendizale saiatuak adostu eta gasteiztar idazleak garatutako hamabost txango eta igoera aurkituko dituzue bertan, zein baino zein erakargarriago. Ibilbide horietako trackak Suaren webgunean aurkituko dituzue, deskargarako listo.
Dagoeneko hamalau dira Mapas Pirenaicos 1:25.000 bildumako tituluak. Horietako hamar Euskal Herriko eskualdeei dagozkie, ia denak mendizaletasunari estu lotutakoak: Iratiko Oihana, Baztan, Aizkorri-Aratz, Aralar, Urbasa eta Leire, orain aurkeztutako lau horiekin batera.
2014an agertu zenetik, bilduma horrek arrakasta handia lortu du mendizaleen artean. Hain da horrela ezen denbora gutxian mapa bilduma horretako titulu batzuk agortu eta berriz argitaratu behar izan diren.