Sua argitaletxeak web gunearen helbidea aldatu ez ezik, edukiak berritu egin ditu. Aurrerantzean sua.eus helbidean, orain arteko zerbitzu guztiez gain, produktu digitalei eskainitako atala aurkituko duzue, besteak beste.
Izan ere, ‘Sua digital’ izenburupean lau aukera zabaltzen dira. Lehenengoan, Mapas Pirenaicos bilduma berriko ibilbideei dagozkien trackak daude. Bertatik jaitsi daitezke, doan. Gogoratu ibilbide horiek Gorka Lopez mendizale adituak diseinatu dituela, beren-beregi Suarako.
Bigarrenean Pirinioetako hiru handien zeharkaldiko trackak daude eskuragarri. Hori ere Gorka Lopezek diseinatutakoa da eta Monte Perdido, Posets eta Aneto lotzen ditu.
Hirugarrenean, ostera, Sua argitaletxearen mapen bertsio digitalak aurkituko dituzue. CompeGPSrako daude egokiturik. Azkenik, La Alta Ruta Pirenaica liburuaren bertsio digitala era jarri da erosgai Sua digital atal berri horretan.
Edonola ere, nobedade gehiago badago: Suaren 2015. urteko katalogoa eskuragarri dago, nobedadeak argitaratu ahala haien berri jasotzeko aukera berritu da eta Suak diseinatutako zeharkaldietarako beren-beregi atondutako atala sortu da. Eta jakina, Sua argitaletxearen produktu guztien berri ematen du, Euskal Herria Liburuak eta El Mundo de los Pirineos tartean direla.