
Gure ibilaldietan egin ditzakegun jarduera kitzikagarrienetako bat hegaztiak ikustea da. Gustura ibiliko gara, inguratzen gaituen naturarekin bat egiteko aukera emango digu eta, hegaztien edertasunaz gozatzen garen bitartean, gu ere naturaren parte garela sentituko dugu berriro. Zeregin interesgarri hori proposatzen digu Euskal Herria Liburuak bildumako ale berriak. Rutas para observar aves liburua Jonathan Rubines eta José María Fernández-García adituek atondu dute.
Bere baitan, liburuak hogeita hamar ibilbide bildu ditu. Euskal Herri osoan zehar banatzen dira eta mota guztietako hegazti eta ekosistemak jaso ditu: ur-hegaztiak, kostaldekoak eta itsasokoak, haitzetakoak, mendietakoak, oihanetakoak, estepakoak eta pasean igarotzen direnak. Horrela, gure herriko paisaia sorta zabala jaso ez ezik, naturaren edertasunaz eta hegaztiez gozatzeko lekurik egokienak ezagutuko ditugu.
Jakina, liburuak arlo ornitologikoan Euskal Herrian nabarmendu diren lekuetara eramango gaitu, hasi Organbidexka lepo libretik (Zuberoa) eta buka Urdaibai Bird Center (Bizkaia) edo Ataria (Gasteiz) bezalako begiraleku berrietan, Pitillasko aintzira, Nafarroako haitzarteak eta kostaldeko itsadarrak bezalako klasikoak ahaztu gabe.
Ibilbide bakoitzak hegazti espezie nagusi bat jaso du. Hori deskribatuta dakar eta,gainera, ibilbidearen mapa eta argazki ikusgarriak. Irudi ederrok liburua lasai ikuskatzera gonbidatuko gaituzte lehenengo eta kanpora hegaztiek ikustera joatera gero. Ondo ibili!