Euskal Herrian Pirinioek aurpegi oso desberdinak erakusten dituzte, bailararen arabera. Kostaldeko talaia apaletatik hasita eta bimilako harroetaraino, zazpi aukera eder zabaltzen zaizkio mendizaleari. “Rutas por el Pirineo vasco” (Sua Edizioak, 2019) liburuak, Gorka Lopezek egina, paisaia sorta jori horretan murgiltzen gaitu: Jaizkibel eta Txingudi aldeko itsasbazter paregabea, Xareta, Baztan edo Baigorri gisako ibar atlantiar berde-berdeak, Kintoa eta Iratiko oihanek hesitzen duten erdialdeko Pirinioa eta, azkenik, gure Pirinio garaia, Larra aldean subalpetarra izatera iristen dena.
Pirinioetako mendiak ezagutzeko, gozatzeko eta aldarte onean partekatzeko 29 ibilbide aurkituko ditu irakurleak liburuan. Gailur handiak agertuko dira gure bidean: Bianditz, Lakhura, Orhi, Alkaxuri… Zeharkaldiak ere ez dira falta. Oso egokiak izan daitezke garai honetarako Orreaga eta Orbaizeta lotzen dituena, edo Izabatik Linzara eramango gaituena. Lerroon azpian, liburuko aurkibidea eta, estekan, pdf bat utzi dugu liburutik hartutako ideia bikain batekin: Errozatera igotzea Arpeako haitzulo bitxia eta Errobiko iturbegia bisitatuz. Ondo ibili!