Udaberrira berandu heldu gara gutako gehienok, konfinamenduaren ondorioz. Baina, gutxika-gutxika eta zentzunaz, naturara itzultzen hasi gara. Gure inguruko naturara, gu gabe ere bere erritmoari jarraitu baitio, aspaldiko lasaitasun handienean. Natura horretan zuhaitzak loretan dira, edo orri berde biziz ondo hornituta, apain eta eder. Bidean aurkituko ditugun arbola bikain horiek identifikatu eta haien gainean jakiteko gogoz bagaude, “Euskal Herriko zuhaitzen gida” dugu lagunik onena. Gure herrian hazten diren ehun espezie jaso ditu liburu honek (Sua Edizioak, 2019), bakoitzaren datuak ez ezik, itxura, orriak eta fruituak irudi ederretan islatuta. Euskal Herrian daukaten hedadura ere mapa baten ikus dezakegu. Klikatu beheko estekan eta gozatu liburuko zuhaitz ale batzuekin. Ondo ibili!