Nafarroako jatetxeei eskainitako liburuak harrera beroa eduki ostean, kalean da “Rutas y restaurantes con encanto de Gipuzkoa”. Egile berak dituzte liburu biek, baita egitura ere: jatetxea aurkezten zaio irakurleari, bere nortasun, berezitasun eta arduradunen berri emanez, bertako errezeta esanguratsu bat xehe-xehe eskaini eta, azkenik, inguruetatik aise egiteko moduko ibilbide, txango edo igoera proposatzen zaio.
Gipuzkoako 38 jatetxe hautatu dituzte egileek liburu honetarako. Eskualde guztietako ordezkariak daude, baita era guztietako lokalak ere: ostatuak, familia giroko jatetxeak, mendialdekoak, erretegi eta sagardotegiak, taberna hutsak… Berezitasun batean, ostera, denak datoz bat: benetakoak dira. Egileetako batek, Josema Azpeitia kritiko gastronomikoak alegia, hitzaurrean argitu duenez, baztertu egin dituzte ospe eta itzal handiko jatetxeak. Ordainean, bestelako lokalen bila atera dira: jatorrizko tradizioak, bertoko produktuak, betiko zaporeak eta etxeko giroa eskaintzen dituzten ostatuak.
Josema Azpeitiaz gain, liburuan esku hartu dute Ritxar Tolosak (argazkiak) eta Txusma Perez Azacetak (ibilbideak eta mendi igoerak). Hiruren arteko elkarlanetik edonoren gosea asetzeko moduko platera ondu dute. On egin!