Arrasaten Baltistan Fundazioak egindako aurkezpenaren irudia.
Baltistan fundazioa hezkuntza eta genero berdintasunerako proiektuak garatzen ari da Pakistango Hushe ibarrean (Baltistan bailara). Fundazioak elkartasuna du xede, mendian nagusi diren baloreak –lankidetza, naturarekiko begirunea, irmotasuna, lana gogor egitea eta baikortasuna, besteak beste- aintzat harturik.
Fundazioak garatu dituen eginkizunetako bat bailarako umeen heziketa hobetuko duten irakasleak eta hezitzaileak formatzea da. Azken urteetan aldaketa handiak izan dira ibarrean, nahiz eta, fundazioko arduradunen iritziz, “emakumeak unibertsitatera joatearen aurkako erresistentzia handia izan den; ez dute ulertzen emakumeek zergatik joan behar duten eskolara edo unibertsitatera”.
Baltistan fundazioak iragan martxoaren 26an aurkeztu zituen egitasmoak, Arrasaten. Hitzaldian egon ziren, besteak beste, fundazioko lehendakaria, Jose María Ruiz, eta idazkaria, Inaxio Arregi.
Informazio gehiago: www.baltistan.eus