Lagako hondartza (Ibarrangelu), urriko goizalde eder batean.
Udazkenean, udagoienean, larrazkenean, ohikoak izaten dira hego haizea dabilen egunak. Ez dira hain ohikoak urrian zehar eduki ditugun tenperaturak, epelak baino gehiago, beroak. Baina, hala ere, aukera polita eman digute mendialdean gozatzeko eta itsasbazterretako paraje ederretan barrena ibiltzeko.
Hego haizea zebilen goiko argazkia egin zen goizaldean. Hobeto esanda, erreka haizea, edo herriko haizea, edo aizerria, beste leku batzuetan andre-haize esaten dioten hegoaldeko ufada epela. Hari esker bilakatzen dira goizaldeak eta ilunabarrak oskorri, zerua, itsasoa eta lurraldea eder-eder jantzirik.
Goza ditzagun iraun bitartean, egunen batean di-da aldatu eta datorren urtera arte joan egingo dira eta. Hotzen, eurien eta elurren aroa etorriko da orduan, hura ere eder eta kitzikagarri.