“Euskal Herria” egutegia 2027

Gaitza da, oso, ezagutzen ez dena maitatzea. Egia da olerkariak horrela maite zuela Zuberoa, “zutaz ez dakit deus ere, ez zaitut ezagutzen. / Bakarrik, zure kantaren bat entzun dut / ta horregatik zaitut maitatzen”. Baina ezaguna da poetek gauza zailei dieten zaletasuna. Gutako gehienoi, ostera, errazago zaigu ezagutzen duguna maitatzea. Horregatik, Euskal Herria bihotz ondoan daramagunontzat, Euskal Herria 2027 egutegia altxor txiki bat da, urte osoan zehar begien aurrean paratuko digulako maite duguna. Eta, ziur aski, ezagutzen ez ditugun leku, une edo ikuspegiak agertuko zaizkigu, are gehiago maite dezagun.

2027ko egutegia liburu-dendetara heldu da. Euskara hutsez dator. Hilabeteko argazki handi bat eta txiki bi dakartza aldean. Eguzki zikloak eta herrialdean herrialdeko jaiegunak jasota ageri dira. Hilez hil gure gogoa Zuberoako Holtzartetik Trapagarango Zugaztietara eta Biarrizko itsasargitik Bardeetako muino gorrietara aldatuko da, haizea nola, Euskal Herriko zazpi herrialdeetan barrena. Gozatu urte berria!

Utzi erantzun bat