
1998an argia ikusi zuenetik, Guía de montes de Bizkaia euskal mendizaletasunaren klasikoetako bat da. Orain hemen da berriro, baina zeharo berritua eta nabarmen zabalago. Horren arduradunak jatorrizko liburuaren egileetako bi izan dira, Ane Otxoa de Alda eta Alberto Muro hain zuzen. Liburu honetan Bizkaiko 128 tontorretara heltzeko igoerak bildu dituzte, lehengo liburuan baino 54 gehiago. Izan ere, 128 horiek dira Euskal Herriko mendi katalogorako Euskal Mendizale Federazioak aukeratu dituen Bizkaiko gailur guztiak.
Zalamako brankatik, Bizkaiko mendebaldeko muturrean,Gipuzkoa ukitzen duen Tontorramendiraino eta Ogoñoko lurmuturretik Gorbeiaraino, liburu honetako 128 igoerek Bizkaiko mendi nagusietara joatera gonbidatzen gaituzte. Horrela, herrialdeko paisaiako altxorrik preziatuenak ere bertatik bertara ikusiko ditugu.
Sua Edizioak-en gidetan ohi den bezala, igoera bakoitzak deskribapen zehatz eta osoa dakar, baita mapa, jakingarriak eta, mendi askoren kasuan, argazkia ere. Argazkiak Alberto Murok berak egin ditu, bere ohiko trebeziaz. Emaitza itzela da: 424 orrialdeko gida osatu eta erakargarria, Bizkaiko mendietara joateko ezinbesteko bidaidea.