Gaur helduko da liburudendetara El Conquistador del fin del mundo liburua, Julio Vila Albertek idatzia eta Sua Edizioak-ek argitaratua, ETBren eta Hostoil ekoiztetxearen laguntzaz. Tapa gogorreko liburu zaindu horrek 150 orrialdeetan barrena euskal telebista publikoan arrakasta itzela eskuratu duen lehiaketaren hamar urteko ibilbideari erreparatzen dio.
2014ko lehiaketaren finalarekin batera heldu da liburua eta, bitxia kontua, aurten irabazle atera da duela hamar urte, lehenengo edizioan, garaile suertatu zen pertsona bera, Eneko van Horenbeke alegia. Denboraz estu ibilita ere, liburuak Conquis amaitu berriaren xehetsunak dakartza, baita aurreko edizio guztienak ere, jakina. Probarik gaitzenak, kinkarik larrienak, pasadizorik barregarrienak, une gogorrak, isilpeko kontuak… Euskal Herriko telebistetan aurrekaririk ez duen arrakastaren osagai guzti-guztiak.
Argazki sorta bikainari esker sorginduko gaitu El Conquistador del fin del Mundo liburuak. Irudi horien bidez programako pasarterik ikusgarrienak etorriko zaizkigu gogora, dela guaranien oihan sarrian, dela Ushuiako basamortuetan. Eta erabateko atxikimendua testuak biribilduko du, modu atsegin eta gozagarrian edizio bakoitzaren gakoak eta sekretuak kontatuko dizkigu eta. Hamar edizioetako parte hartzaile guztien zerrenda ere badakar.
Liburu berria datozen asteotan aurkeztuko dute, kapitainak eta 2014ko edizioko irabazlea aurrean direla. Ekainaren 11n, osteguna, Bilbon egongo dira Poza kaleko 14. zenbakian dagoen Elkar Aretoan. Hurrengo astean (hilak 19, osteguna) Donostiako Alde Zaharrean izango dira, Fermin Calbetón 21eko Elkar liburudendan. Gasteizera hilaren 26an iritsiko dira (San Prudentzio kaleko 7. zenbakiko Elkar aretoan) eta Iruñera uztailaren 3an, sanferminen usainean. Komedia kaleko 14. zenbakiko Elkar liburudendan azalduko dira.