Gorobel mendilerroko mapa berria kalean dago

Euskal Herriko mendilerro berezienetako baten mapa plazaratu berri du Sua Edizioak-ek 1:25.000 eskalan: Gorobel [Sálvada]. Gaztelako mesetako ertza Aiaraldeko ibarren gainean amiltzen den eremua paradisu naturala da, hala fauna nola landaredi aldetik altxor ugariren gordeleku, paisaiaz, ikuspegiz eta mendiz ederto hornituta dagoela ahaztu barik.

Mapa berriak Anguloko mendatetik (mendebaldean) Goiuriko ur-jauzirainoko (Urkabustaiz, ekialdean) tartea bildu du. Beraz, bertan ageri dira, besteak beste, Nerbioiko ur-jauzia eta Delikako arroila, Arrastaria ibar osoa (Delikaz gain, Tertanga, Artomaña eta Aloria), Urduña, Amurrio eta Aiarako hegoaldea, baita Burgosko Losa eta Mena ibarretako zenbait herri ere. Mendiei dagokienez, Urieta, Aro, Eskutxi, Ungino, Iturrigorri, Bedarbide, Txarlazo, Beratza/San Pedro eta Babio, ageri dira, besteak beste.

Mapak mendizaleen gustuko ibilbide proposamen sorta bat dakar: zazpi txango, lau zeharkaldi eta hamasei igoera. Mapa honetan goiz-pasa ederrak egiteko leku asko dago, Maroñoko urtegia, Santiago mendiko begiratokia eta Goiuriko ur-jauzia, esaterako.

Mapas Pirenaicos sailean ohi den bezala, Miguel Angulo kartografo adituak ondu du Gorobel mendilerroko mapa hau. Honekin batera, Andiako mendilerroko mapa berrargitaratu du Sua Edizioak-ek, eta Pirinioetako lau mapa gehiago plazaratu: Berguedà eta Alta Ribagorça (Katalunia) eta Bielsa eta Valle de Tena (Aragoi).

Utzi iruzkina