
Topikoa da, dagoeneko, Euskal Herriak, bere txikian, kontinente oso bat biltzen duela bere baitan. Goi mendietatik mortuetaraino eta itsaslabar tenteetatik oihan sarrietaraino, hamaika paisaia harrigarri zabaltzen zaizkigu begien aurrean ezker-eskuin. Horietako batzuk, ustez baliotsuenak, horrelakorik balego, eremu babestuak dira. Inguru horietan barrena 25 ibilbide zirkular proposatu dizkigute Begoña Fernándezek eta Paulo Etxeberriak Rutas circulares por espacios protegidos liburu berrian.
Biosfera erreserbak (oraindik orain beste bat izendatu du Unescok Euskal Herrian, Iratiko oihana), natur parkeak, ZNIEFF, ZEC, biotopo babestuak eta bestelako lanabes juridikoak erabiltzen dira natura esparru zabalei nolabaietako iraupen bermea emateko. Liburuak horiek aitzakia hartuta, zazpi herrialdeetara joateko gonbitea dakarkigu, natura paisaia oparotasun hori bertatik bertara ezagutzeko, gozatzeko eta, batez ere, haren garrantziaz jabetzeko.
Horrela, besteak beste, Urdaibaiko padura eta artadi iragangaitzetik ibiliko gara, Arbaila eta Iratiko oihanetan murgilduko gara, Lokiz mendigunean haran ezkutu bat ezagutuko dugu eta Kintoa, Harsüdürra, Gorobel eta Iturrietako tontorretara igoko gara.
Begoña Fernández eta Paulo Etxeberria eskarmentu handiko mendizaleak dira. Bilduma honetan beste liburu bat argitaratuta daude, Rutas a cascadas recónditas, Alberto Murorekin lankidetzan.